Grebara itzuliko dira Arabako egoitza pribatuetako langileak
Maiatzaren 23an eta 24an grebara joko dute berriz ere Arabako adinekoen egoitza pribatuetan eta etxebizitza komunitarioetan, sektoreko patronalaren "blokeoa" salatzeko. through Alea.eus
ELA eta LAB sindikatuek beste bi greba egun deitu dituzte Arabako adinekoen egoitza pribatuetan eta etxebizitza komunitarioetan, sektorearen Arabako lehen hitzarmenaren negoziazioetan “patronalaren blokeoa” amaitzea exijitzeko. Maiatzaren 15ean izan zuten azken negoziazio mahaia: “Gaur egun patronalak oraindik ez digu erantzun sindikatuok mahai gainean jarritako proposamen ekonomikoari, eta horrek agerian uzten digu negoziatzeko duen jarrera eskasa”, kritikatu dute langileen ordezkariek.
Azaldu dutenez, Arabako adinekoen egoitza pribatuetako zein etxebizitza komunitarioetako langileek “lan karga handiekin” jarraitzen dute: “Lanarengatik sortutako gero eta gaitz gehiagorekin, urteko lanaldi oso luzeekin, eta gero eta zailagoa egiten zaie hilabete amaierara iristea; hau da, lan egiteko bizi dira, eta bizirauteko lan egiten dute”, ohartarazi dute sindikatuek.
Sektore feminizatu honek lau urte baino gehiago daramatza borrokan, langileen lan baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat eskatzen. Besteak beste, “hilaren amaierara iritsi ahal izateko” soldata igoerak eta lanaldiaren murrizketa eskatzen ari dira, “bizi baldintza materialak hobetzeko”.
Zainketen sektoreko langileen lana “eskertzeko eta baloratzeko premia” aldarrikatu dute ELAk eta LABek: “Funtsezko sektorea da, non emakume horiek adinekoen bizitzari eusten lan egiten duten. Beren lan baldintzak behar bezala arautzea eskatzen dugu”.
Patronalari negoziatzeko dei egitearekin batera, Gizarte Politiketako Saileko diputatu Emilio Sola interpelatu dute, sektoreak hitzarmen probintziala izatearen garrantzia mahai gainean jar dezan: “Zaintzak publikoak izan behar dira eta ez negozioa. Irabaziak lehenesten dituena negozioa da, eta ez zaintza”, salatu dute.
Lanuzteak eta mobilizazioak
Egoera horren aurrean, “aurrera egin eta borroka egingo” dutela ohartarazi dute. Norabide horretan, ELA eta LAB sindikatuek bi eguneko greba deitu dute sektorean maiatzaren 23 eta 24rako, “gehiegizko gutxieneko zerbitzuek uzten duten neurrian indarrak batu, kalera irten eta kaleak betetzera” deituz:
- Maiatzaren 17an, sektoreko langileen bilera: 17:00etan Foru plazan.
- Maiatzaren 23an, manifestazioa: 11:00etan Plaza Berritik Diputazioraino (Probintzia plaza).
- Maiatzaren 24an: elkarretaratzea, 11:00etan Babesgabetuen plazan, kaleko egoera gizarteratzeko; eta manifestazioa, 12:30ean plaza beretik abiatuta, erdialdeko kaleak zeharkatuz eta Babesgabetuen plazan bertan amaituz.
- Maiatzaren 26an, auto karabana: 10:00etan Gazalbideko aparkalekutik, Gasteizko kaleak zeharkatzeko erresidentzietako langileen egungo egoera salatuz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!