Gasteiz eta Iruñea arteko AHTren tartea ez eraikitzea gomendatu du Europako Batzordeak
2030a aurretik Gasteiz eta Iruñea arteko AHTren tartea eraikitzeko aurreikuspenik ez dagoenez, halakorik ez eraikitzea proposatu du Europar Batzordeak. Berriaren harira, AHT Gelditu! mugimenduak adierazi du abiadura handiko trena gelditzea oraindik posible dela. through Argia.eus
Iazko abenduaren 14an argitaratu zuen Garraio Sare Transeuropearraren (TEN-T, ingelesezko laburduran) berrikuspena Europako Batzordeak. AHT Gelditu! mugimenduak azaldutakoaren arabera, Europar Batasun mailako garraio-sare oro barne hartu nahi du bere baitan TEN-T-k, eta hiru etapatan lortu nahi du hori: 2030a orduko sare zentrala osatu nahi du, eta ostean sare zentral zabaldua, eta sare integral osoa gero.
Gauzak horrela, eta ikusirik 2030a orduko ez dela aurreikusten Iruñea eta Gasteiz arteko AHTren tartea eraikitzerik, Europar Batasunak proposatu du halakorik ez eraikitzea, eta abiadura handiko trenbidea ordez egungo azpiegiturak erabiltzen jarraitzea.
“Proposamen honek gobernu zentralak Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Zaragoza eta Euskal Y-a abiadura handiko linea baten bidez lotzeko duten asmoari beste zartako bat ematen dio”, egin du irakurketa AHT Gelditu!-k. Mugimenduak azaldu du Zaragoza eta Euskal Y-aren arteko lanak duela 11 urte abiatu arren 30 kilometroko azpiegitura besterik ez dagoela eraikita, tarte horretan ere gainegitura falta dela, eta Zaragoza-Castejon eta Iruñea-Euskal Y tarteei dagokienez administrazio-prozesuak “oso atariko faseetan” daudela.
“AHT ia eginda dagoela dioen mitoa eraitsi behar da. Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza independenteak (AIDEF) garraioen txostenean gogorarazi zigunez, oraindik inbertsioaren %58 falta da Euskal Y-a amaitzeko, eta inbertsioaren %96 Nafarroako korridorea amaitzeko. Oraindik garaiz gaude Euskal Herriko elefante txuririk handiena gelditzeko!”, egin du irakurketa AHT Geldituk, makroproiektuaren aurka protestan eta mobilizatzen jarrai dezaten dei eginez herritarrei.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!