Langile gasteiztar bat hil da Basaurin, teilatu batetik erorita
49 urteko langile gasteiztar bat hil da lan istripu baten ondorioz. Basauriko (Bizkaia) Arteagoiti industrialdeko Acenomar enpresan zegoen, konponketa lanak egiten, eta teilatutik erori da. through Alea.eus
Basauriko Acenomar izoztuen enpresak beste konpainia bat azpikontratatu du hainbat konponketa egiteko. Langile gasteiztarra teilatua aztertzen ari zen metakrilatozko zati bat erori denean; hortaz, behargina hamar metroko altueratik erori da eta bertan hil egin da, zaurien ondorioz.
Larrialdi zerbitzuek 9:40ak aldera jaso dute abisua, eta bertaratu diren osasun langileek heriotza egiaztatu besterik ezin izan dute egin. Orain, lan istripu hilgarriaren arrazoiak ikertzen ari dira.
LAB sindikatuaren datuen arabera, Euskal Herrian 22 lan istripu hilgarri erregistratu dira 2021ean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!