Mila lagun baino gehiagok torturarekin amaitzeko aldarrikatu zuten atzo eguerdian Iruñean
“Tortura gehiagorik ez. Errepresioarekin amaitu” lelopean mila pertsona baino gehiago atera dira gaur goizean, Iruñean. Manifestazioa autobus geltoki zaharretik abiatu eta Guardia Zibilaren zein Gobernuaren Ordezkaritzaren egoitzen aurretik pasatu da “jendea torturatzeari eta herri hau zapaltzeari utz dezaioten eskatzeko”, adierazi dute deitzaileek, torturak salatu dituzten herritarrek. “Utz ditzatela armak eta ausar daitezela euskal independentismoari aurre egiten modu demokratikoan, torturarik gabe, atxiloketarik gabe, bortxakeririk gabe, mehatxurik gabe, inposiziorik gabe”, esan dute manifestazioaren bukaeran irakurri duten komunikatuan.
“Salaketa, jendartearen konpromisoa eta mobilizazioa dira bere iharduera politikotik tortura ezabatu nahi ez duen Estatuaren aurrean ditugun tresna bakarrak”. Horregatik azken hilabetetan torturaren aurka abian jarri diren ekimenak txalotu nahi izan dute, eta zehazki eragile politiko sozial eta sindikalen eskutik Iruñean martxoaren 25 eta 26an burutu den “Esteban Muruetagoinena” torturaren aurkako herritarren foroa. “Hantxe izan gara, bat egin dugu ekimenarekin eta dei egiten diogu gizarteari egitasmo gehiago abian jar ditzan tortura errotik ezabatzeko”.
Deitzaileen ustez, atxilotuen inkomunikazioaren amaitzea eta TAT-ek (Torturaren Aurkako Taldea) tortura ekiditeko proposatu dituen neurriak abian jartzea ezinbestekoa da: “Hori da Gobernuari eskatzen dioguna; inkomunikazioarekin amaitzeko”, eta dei egin diote euskal gizarteari “hori lortzeko indarrak batu ditzan”.
askatu-ri hartua.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!