Urteak erdi ustel
Denbora kontua izango da, baina horrela jarraituz gero, lagunok, gureak egin du, seguru.
– Ez, hala?
Kontrakoa dioen horrek bekartza probak edo aurkez ditzala esperantza izateko arrazoibideak, ezkortasuna aspaldi ongarritu baitzuten munduko agintari ezberdinek.
Antza denez duela 50 urte, hau da, 1972. urtearen bueltan, Massachusetts-eko Teknologia Institutuak, munduko unibertsitate onenetakoak, alegia, ikerketa bat egin zuen “hazkundearen mugen” inguurkoa Erromako klubaren aginduz, eta ondorio kezkagarriak atera zituzten, bai horixe!
“Hazkundearen mugak” zuen izenburu lanak, eta argi bezain garbi ondorioztatu zuen, hazkunde tasa harekin jarraituz gero, mundua 100 urtetan kolapsora iritsiko zela, derrigorrezko gelditze batera, erabateko etenera, hots, munduak oka egin eta ez atzera ez aurrera geratuko zela.
Bost aldagai eta beraien arteko harremanak izan zituzten kontuan txostena egiterakoan: industria produkzioa, biztanleria, elikagaiak, baliabide ez-berriztagarriak eta ingurugiroaren hondatzea.
Eta ondorio orokorra oso gardena izan zen: garai hartako erritmoan jarraituz gero, gehienez 100 urteren buruan, giza-hazkundea bere mugara iritsiko litzateke, bere muturrera, finito, kaput!
Pasa dira 50 urte, eta produkzio, xahuketa eta ustiaketa erritmoa moteldu beharrean, azkartu egin da, beraz, zenbat geratzen zaigu hondamenerako? Zer egin beharko litzateke egoera horretara ez iristeko?
Uste dut erantzunak aspaldi eman zizkigutela, badakizkigula, are okerrago munduaren gida-uhalei eusten dietenek badakizkitela; baina egoera zuzentzeko gogorik edo ausardiarik ez, berekoikeria da nagusi.
Usteak erdi ustel izaten dira sarri, baina oraingoan ezin esan hori, urteak ari dira izaten ustel.
Galdu ditugu berrogeita hamar, zer egin hurrengo 50 urteekin?
Iñaki Lazkano
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!