“Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna” -OEE Araba eta Sareak Josten-
Gaur, abenduak 18, “Migratzaileen Nazioarteko Eguna” izanik, Sareak Josten plataformak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba taldeak aukera baliatu nahi dugu azpimarratzeko Gasteiz eta Arabako migratzaileek integrazio-prozesuan egunero egin behar izaten duten ahalegina. Ahalegin itzela egiten dutena, atzean utzitako guztiak gainditzeaz gain, aurre egin behar izaten diete gure instituzioek jartzen dizkieten traba zorrotzei.
Instituzio horiek gero eta gogorragoak baitira, pertsonengandik urrunduak eta gero eta makurtuagoak botere ekonomikoen aginduetara.
Bizi ditugun garaiotan pertsona asko dabiltza batetik bestera alderrai, egoera zail eta gogorretatik ihesi, bizimodu duin baten bila, gure historiaren hasieratik egin izan dugun bezala. Mugimenduari esker egiten du aurrera biziak, eta batzuek geldiarazten saiatzen diren arren, beti izango da mugimendua bizirik gauden bitartean.
Eman diezaiogun balioa biziari eta egin diezaiegun harrera duina pertsona hauei. Ez ditugu sinetsiko beldurra eragiten duten mezu faltsuak, ez dugu nahi gaur egungo egoera migrazio-krisitzat hartu, batetik bestera dabiltzan pertsonen mugimendutzat baizik, izan nahi dugunaren historiaren parte izango baita.
Gure gizarteak pertsona guztiei zor die zaintza, bizi duin bat izan dezaten, gizartearen ardura da bizi duin horren bila, bizitzea merezi duen bizi horren bila datozenei merezitako harrera egitea. Gainera, gure komunitateko kide izango dira, gure gelakide eskolan, gure lankide… Nola hartzen ditugun, halakoa izango dugu haiekiko harremana eta halakoa izango da gure etorkizuneko gizartea.
Beraz, dei egiten diegu hemendik herritarrei kalera irteteko aukera dagoen bakoitzean. Exijitu diezaiegun jokabide eraikitzailea gobernuei, nahitaezko migrazio horiek sorrarazten dituzten arrazoiei heldu beharrean, hor jarraitzen baitute gerrak sortzen, armen salerosketan, aldaketa klimatikoari aurre egin gabe, mugak ixten, askatasunak murrizten, erdigunean diruaren balioa jartzen tematuta. Geldiarazi dezagun neoliberalismo eta neofaxismo olatu hau eta egin dezagun apustu eredu ekonomiko, politiko eta sozial berri baten alde. Geldiarazi dezagun migratzaile eta errefuxiatuen aurkako gerra zikina. Bota ditzagun behera Europa-Gotroleku honen murruak. Mugimendu-askatasunaren alde. Pasabide seguruaren alde.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!