IAT
Kurtsoa amaitzen ari da eta gero eta zailagoa egiten zait iritzi tarte honetarako gaiak topatzea, eta horietan ez errepikatzea, izan baititut fetitxezko arlo batzuk behin eta berriz errepikatzen ditudanak uhinetan eta uhinetatik kanpo.
Gaurkoa ere ez da berria nire arloen artean baina atzo amaren kotxeari IATa, gaztelaniazko ITV ditxosoa, pasatu behar izan nion. Esperientzia beldurgarria benetan. 16:00etan neukan zita, Mirandako zentroan.
Kotxea, gidatzea, kotxeetako mobida totxoak ezagutzea, gizontasunari loturiko ideiak dira. Gizonok kotxeen inguruan dakigu, ez zaigu bat ere pasatzen. Motorrak gustatzen zaizkigu, badakigu olioa, hozgarria, etabarrekoak aldatzen, gurpil bat zulatuz gero begiak itxirik eta kotxea esku bakarrarekin altxatuta, aldatzeko gai gara… Gizonak la hostia gara! Gene berezi bat dugu gauza hauetarako.
Hara ailegatu eta hamaika galdera egiten dizkizute kotxearen inguruan, hamaika proba: piztu argiak, keinukariak, atzeko martxa, klaxona jo “emakume polit bat pasako balitz bezala” ez da txantxa, hala esan zidan morroiak.
Eta ni han, poker aurpegiarekin. Halako egoerek urduritzen naute. “Badakizkit galdetuko dizkidatenak, ez dira hain proba zailak” esaten diot neure buruari behin eta berriz, probarako bidean. Egunerokotasunean erabiltzen diren gauzak dira. Ez dira fisika kuantikako arazoak. Baina hara ailegatu eta tailer zaratatsuan sartu bezain pronto txikitzen naiz. Nire gortasuna biderkatzen da, nire burua blokeatu eta ez naiz kapaza ez entzuteko, ezta erantzuteko ere.
Derrepentean gizontasunaren munduan sartzen gara eta han ni ez naiz gizona, ez behintzat gizon-gizona. Sentsazio horrek zeharkatzen nau eta etxera eramaten dudan sentsazioa da. Atzo, sentsazioarekin batera amaren kotxea eraman nuen, akatsik gabea, eta orain badakit klaxona emakume politei agur esateko balio duela.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!