Hizkuntza-zorrak, zero komisio
Asteburuan, EiTBn pilota-partida bat ikusten ari nintzela, iragarkiak hasi ziren. Horien artean, Kutxabanken bat: “dena OK batekin hasi da” edo antzeko zeozer ziurtatzen zuen iragarkiak. Ok, ok, ok asko agertzen ziren eta, amaieran, bankuko produktuak zero komisio zeukala aldarrikatzen zuten.
Bitxia egin zitzaidan iragarkiak loturarik ez egitea Ok eta zero komisio kontzeptuen artean: argia zen gero! O eta K, zero komisio. Bitxia egin zitzaidan, nik iragarkia euskaraz ikusi eta jaso nuelako. Euskaraz, komisio berba karekin idazten da… baina gaztelaniaz ez. Horrexegatik ez zuten publizistek loturarik egin, bataren eta bestearen artean. Nik euskaraz ikusi banuen ere, iragarkia gaztelaniaz pentsatu eta sortu zuten. Gero, amaieran, gaztelaniatik euskarara itzuli zuten.
Horretxeri esaten zaio ‘normal plantak egitea’: azken produktua euskaraz jasotzen dugu, bai, baina prozesu guztia, ideia baino ez denetik hasita, gaztelaniaz landutakoa da. Euskaraz, itzulpena baino ez dugu jasoko.
Kasu honetan telebistako iragarki bat zen; beste batzuetan lege bat izango da, edo agiri ofizial bat, edo udal ordenantza bat. Berdin dio: erdaraz pentsatu den eta soilik herritarrari igortzeko unean euskaratutako produktua jasoko dugu. Asko esaten du horrek gure hizkuntzak gure gizartean, gure erakunde publikoetan, gure bankuetan bizi duen egoeraz. Asko esaten du, beraz, gure gizarteko eta gure erakundeetako asko eta askorentzat euskarak duen lekuaz: azken unean bete beharreko eginkizuna, besterik ez.
Ezinbestean, Xabier Arregiri entzundako kontzeptuaz gogoratu nintzen: hizkuntza-zorra dago gurean. Euskara, dagoen egoerara, mende askoan bere kontra hartu diren erabaki politikoengatik ere ailegatu da. Mendeetan zehar, gurea hizkuntza jazarria, gutxietsia eta debekatua izan da. Gizartean aginte-makila zutenek jazarri, gutxietsi eta debekatutako hizkuntza da gurea.
Oraintsu arte, dena ok zegoela esaten zigutela eta, sinetsita geunden bestelakoa zela XXI. mende honetako egoera; sinetsita, aginte-makiladunak ere euskal hiztunak errespetatzearen alde zeudela. Beharbada horixe da epaile elebakarren oldarraldiak eskaini digun irakaspen argiena: duela berrogeita hamar urte, duela ehun, berrehun, hirurehun urte euskararen kontra zeuden aginteak ez dira aldatu: euskararen kontra jarraitzen dute.
Errespeta gaitzaten gura badugu, geure burua errespetatu eta besteei ere errespetua eskatu behar diegu. Beste inori baino lehenago, aginte-makilaren bat duten euskaldunei eskatu behar diegu errespeta gaitzatela.
Hasteko, euskaldunokin hizkuntza-zorra dagoela azaldu behar dute, mikrofonoen aurrean azaldu ere. Ondoren, bakarrik ondoren, arnasa luzeko hizkuntza-politika diseinatu, baina epe labur eta ertaineko mugarri argiak zehaztuta.
Bestela, zero komisioaren truke hizkuntza-zorra kitatu barik jarraituko dugu, lastozko etxea kontrako haize gero eta indartsuagoak eraitsiko digun arte.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
