“Guztiok ezin baditugu gozatu, hauek ez dira gure jaiak” -Gasteizko Gazte Feministon Sarea-
Gasteizko Gazte Feministon Sareak Gasteizko hiriari honako hau helarazi nahi dio: Gaur, uztailak 24, Santiago bezpera da, egun eta gauez luzatuko diren jaien hasiera. Hiria blusa eta neskaz, eta gauak hartuko dituen alkoholez, musikaz eta iluntasunez janzteko ordu gutxi batzuk geratzen direla, burura datozkigu aurten Euskal Herriko hiri, herri zein auzotan orain arte eman diren eraso guztiak. Jai guzti hauen helburua denok gozatzea den heinean, ezinezkoa zaigu ezikusiarena egitea gertatutako eskubide urraketekin. Izan ere, guztiok ezin baditugu gozatu, hauek ez dira gure jaiak!
Argi dugu baita ere zeintzuk diren eraso guzti hauen errudun zuzenak eta zergatia, ez direla kasu isolatuak, aurrean duguna arazo estrukturala dela. Gizarte heteropatriarkalak sostengatzen ditu eraso hauek; erasotzaileak justifikatuz, errua biktimari esleituz eta jendartea ixilaraziz guzti honen konplize bihurtzeko.
“Ezinbestekoa da konturatzea eraso bat dagoen bakoitzean guztiok garela erasotuak. Ez da norbanako soilen arazoa, arazo hau kolektiboa da, eta beraz, erantzuna ere kolektiboa izan behar da”
Honen aurrean egin beharrekoa argi daukagu: AUTODEFENTSA FEMINISTA. AUTO, gu geu gai garelako eta salbatuko gaituen inor ez dugulako behar. DEFENTSA, legitimitate osoa dugulako edozein erasoren aurrean erantzuteko eta FEMINISTA errora jotzen dugulako, harreman eredu berriak sortuz. Ezinbestekoa da konturatzea eraso bat dagoen bakoitzean guztiok garela erasotuak. Ez da norbanako soilen arazoa, arazo hau kolektiboa da, eta beraz, erantzuna ere kolektiboa izan behar da. Horretarako, gure arteko sarea josten eta indartzen jarraitu behar dugu, hegemonikoa dena apurtuz.
Inoiz baino haserreago, indartsuago eta biziago gaude; borrokarako prest gaude. Kalea da gure eszenatokia, eta funtzioa hastear dago. Guk argi daukagu, gaur, inoiz baino gehiago, ERASOEN AURREAN AUTODEFENTSA FEMINISTA!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!