Emakume langileon egoera miserablearen aurrean zer?
Ez dut uste emakume langileok zapalduak gaudela ukatzera ausartzen den inor dagoenik, egunerokoak
berak berresten baitu; beharrezkoa da baina, gizarte kapitalistan zapalkuntzak betetzen duen funtzioa
aztertzea, osotasunaren baitan ulertuz. Era horretan, argi ikus dezakegu botere burgesarentzat
eraginkorra bihurtu dela emakume langileok zapaldutako kolektibo gisa mantentzea. Argi ikusten da
hori egunerokoan: Gero eta lan baldintza prekarioagoak onartu behar izaten ditugu, beharrezko bizi
baldintzak bermatzeko geroz eta zailtasun handiagoak ditugu eta zaintza zerbitzu asko gure gain hartu
behar izaten ditugu. Hori sozialki normalizatu eta onartzeko gainera, emakumeok kontsumo objektu
bilakatzen gaituzte gure gorputzen gaineko sexualizazioaren bitartez.
Egoera hori izanik, beharrezkoa da emakume langileon askapenera bidean ekarpena egingo duen
proposamen politiko eraginkor bat garatzea, emakume langileon interesak defendatzeko eta
borrokatzeko; bide horretan dihardu ITAIAk, Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Jakina da
emakume langileon emantzipaziorako oinarriak ez direla egun batetik bestera lortuko, ez behintzat
egungo gizarte antolaketa gainditu eta Estatu Sozialista eraiki artean. Era berean baina, gure bizitzen
gaineko kontrola handitzeko baliagarriak izango diren borrokak martxan jartzea ezinbestekoa da.
Zentzu horretan aurkezten da ITAIAren programa politikoa, guztiok bizi baldintza berdinak izatera
bidean edukiko duen izaera eta jarduna definitzen dituena.
Bertan aldarrikatzen dira denok bizi eta lan baldintza berdinak izatea, emakume langileon lan
indarraren debaluazioarekin amaitzea ezinbestekoa izanik, eta lan guztiak duin bihurtzea,
kualifikazioaren eta aitortza sozialaren araberako lanaren hierarkizazioarekin amaituz. Zaintza eta
etxeko lanei dagokienean ere, emakumeon ardura izatetik guztion ardura izatera igaro behar direla
adierazten da, era doako eta kalitatezkoan bermatuko diren lanaren antolaketa sozialistaren bitartez.
Era berean, ezinbestekotzat jotzen da biolentzia matxistaren abolizioa, emakume langileok bizi
ditugun matxismoaren forma ezberdinekin amaituz.
Aurretik aipaturiko gure gorputzen sexualizazioarekin amaitzeko, emakumeok deshumanizatzen
gaituzten industria kultural eta sexualarekin amaitu beharra ere azpimarragarria da, eta baita
prostituzioarekin amaitu beharra ere. Ulertuz, horretarako ezinbestekoa dela emakume langileok
prostituitzera garamatzaten baldintza material eta sozialekin amaitzea. Azkenik, osasun sexualerako
eta erreprodukziorako eskubidea nabarmentzen da: Bai seme-alabak izateko edo ez-izateko baldintza
material eta sozialak bermatuz (guraso izatea erabakitzeko baldintza ekonomikoak edukiz zein
zaintzari loturiko zerbitzuak doako eta kalitatezkoak izanik, eta doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa
izango den abortu zerbitzuaren bitartez); eta baita emakumeon osasun sexual eta erreproduktiborako
zerbitzu eta material guztien doakotasuna eta kalitatea bermatuz.
Hortaz, antolakuntzarako deia egin nahiko nioke emakume langileon egoera miserableari proposamen
eraginkor batez aurre egin nahi dion edonori: Batu borrokara!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!