Chávez, presente!
Hamar urte pasatu dira jada 2013ko martxoaren 5 horretatik, eta ezin utzi ahanzturan herrien komandante erraldoi hau.
Ez ditut oso gustuko militarrak, egia esan. Bereziki karrerakoak eta Estatu kapitalistetan. Hala ere, egon badaude herriaren nahiak barruan daramatzatenak eta herriaren alde aritu direnak.
Ez ditut oso gustuko pertsonalismoak, munduan eta Abya Yala / Latinoamerikan pertsonalismo asko topatzen baditugu ere. Dena den, kasu askotan, pertsonalismoak sortu badira, iraultzaile horiek herriaren alde ekimen handiak egin zituztelako izan da. Herri kontzienteak berak izendapen horiek hartu ditu ideia eta borroka askatzaile horiekin identifikatzeko. Bolivarianismoa, zapatismoa, guevarismoa… chavismoa, bai!, Chávezek historian arrastoa utzi zuelako.
Ez ditut gustuko lider hitza ere, baina, zorionez baino, zoritxarrez, prozesu eraldatzaile guztiek, atzo eta gaur, liderrak behar izan dituzte, ikusmen luzeko pertsonak, etorkizun ezberdina irudikatu dutenak eta bidea jorratu dutenak, herriaren sektore kontziente eta antolatuekin batera. Klase borrokaren testuinguruan, herriak dira historiaren motorra, indarra. Baina abio-motorrak behar dira, eta bolantea trebeziaz maneiatzen dakitenak. Aurretiko formakuntza eta antolakuntza ez badago, eraikitzeko alternatiba zirriborratua ez badago, herriaren haserrea, amorru-uholde hori, ibilbide motzeko matxinadetan galduko da. Ur asko datorrenean ubidetik gainezka egiten du ibaiak, baina egunak igarota bere hasierako ubidetik jarraitzen du pasatzen. Gutxiengoetan, ubidea aldatzea lortzen da, ur-emaria beste norabide batetik eramateko. Baina horretarako ubide alternatibo horiek aitzurtuta egon behar dira. Eta Chávez izan zen zulakari horietako bat. Lider bat, inolako zalantzarik gabe. Bere formazioagatik, bere gaitasunengatik, bere proiektuagatik, emandako bere ereduagatik eta herri apalaren beharrekin ezin baino hobeto konektatzen jakin izanagatik.
Ez ditut gustuko teoria konspiranoikoak ere, eta, momentu honetan ebidentzia nahikorik ez omen badaude ere, CIAk Chávezi minbizia sortzeko ekimenenak burutu izana nahiko posiblea da, bai. Fidelen kontra 800 hilketa plan baino gehiago diseinatu ziren, mota guztietakoak. Zientzia eta teknologia garapenarekin batera, minbizia sortzeko moduak ziur asko findu direla, aurrekontu milioiduna atzean. Agian egunen bat jakingo dugu. Agian ez. Chávez AEBetako interesen kontrako mehatxua zen. Etsaia zen. Horrela izendatu zuten esplizitoki. Eta horrek zer esan nahi duen badakigu.
Chávez gertakari historikoa izan zen. Amestutako Gure Amerika-ko askatasunaren aitzindariei erreleboa hartu ziena, noiz eta neoliberalismoak gogorren jotzen ari zen momentuan. Inperialismo yankiak eta bertoko oligarkiek banatutako herrien arteko integrazio latinoamerikarra ardatz, beste etorkizun batera bideratzera ausartu zen, herriaz blai eta zonaldeko beste buruzagi, herri mugimendu eta erakunde askorekin batera. Baina, Abya Yalatik haratago, Munduko herrietarako eredu bihurtu zen. Euskal Herrian ere burkide sentitu dugu askok Hugo Chávez eta mugimendu bolivarianoa.
Lau lerrotan ezin dira laburtu erraldoi baten hainbeste alderdi. Baina horietako bati egingo diot aipamen, bere berebiziko potentzialitateagatik: eredu komunala, herri boterearen garapen egituratua. Izan ere, Chávezek argi ikusi zuen sozialismorako bidean Estatu burgesaren aldamioa ez zela tresna baliagarria, erabateko oztopoa baizik. Horregatik, prozesu bolibartarraren hasierako urteetan Estatu entitate usteldu askori zubia egin zion, eta herriaren beharrei erantzuteko ekimen paralelo batzuk martxan jarri zituen, Misioak deritzon iniziatibak, hain zuzen ere. 2010eko hamarkadan sartuta salto kualitatiboa eman zen sistema komunala teorizatuta, legeen bitartez bide juridikoa irekita eta herri osoan zabaltzeko baliabideak jarrita. Helburua handinahikoa bezain beharrezkoa zen: Estatu kapitalistaren egiturak herritik saretutako egiturekin ordezkatzea. Hots, Estatu burgesaren azpiegiturek ezarritako harreman ekonomiko, sozial eta administratiboak gainditzea. Ezberdintasunak ezberdintasun, Errusian sovietekin egin zen moduan: botere paralelo bat eraiki ezarritako botere zaharra ordezkatzeko. Kanpoko eta barneko oztopoz gain, komunak, gaur, errealitate bat dira, apaltasunetik garatzen jarraitzen den giltzarria. Kapitalismoaren ozeanoan irlatxo batzuk baino ez dira, baina lurra irabazten ari dira herri boterearen artxipelagoa osatzeko; gero eta zabalagoa, gero eta koordinatuagoa, gero eta boteretsuagoa. Eraikuntza kolektibo horretan Chávezen ondarea oso sakon dago txertatuta. Chávezek estrategikotzat zuen sistema komunala. Bere esanetan, “Komuna izan behar da sozialismoa erditzeko espazioa”.
Herrien askapen prozesuan, memoria ezinbesteko elementua dugu. Horregatik, bere desagerpen fisikoaren 10. urteurrenean, Chávezen figura eta ondarea aldarrikatzen jarraitu behar dugu. Chávez, presente!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!