CAF jomugan
Iragan otsailean ezohiko albiste batek nazioarteko iritzi publikoaren jomugan jarri gintuen. CAF enpresako langile batzordeak eskaera egin zion faktoriako zuzendaritzari Jerusalemeko tranbiako eraikuntzarako lizitaziotik erretira zedin. Beharginek argudiatu zuten proiektuarekiko errefusa esanez azpiegitura horrek nazioarteko legedia eta palestinarren giza eskubideak urratzen dituela. Trenbidea ilegala da nazioarteko zuzenbidearen ikuspuntutik, ilegalki okupatutako eremuetan eraikiko dutelako. Eta baztertzailea da palestinarrentzat, debekatuta izango dutelako kolono ilegalentzat eraikitako garraiobide hori erabiltzea. Baina, batez ere, gaitzesgarria da Israelgo garbiketa etniko estrategiaren osagai gakoa delako. Azpiegitura horren bidez, okupazio erregimenak Jerusalem ekialdeko kolonia ilegalak hirigunearekin lotu eta auzune arabiarrak banatu egiten ditu; eta horrela, hiriko demografia eraldatu egin nahi dute.
Gurean hauts gehiegirik harrotu ez zituen berriak hainbesteko oihartzuna izan zuen mundu mailan, non Palestina Askatzeko Erakundeak berak eskertu egin baitzien Beasaingo langileei lan zama handia ekar liezaiekeen proiektuaren aurrean irizpide etikoak lehenetsi izana.
Geroztik, asko izan dira mundu osoan lizitazio-proiektu polemikotik erretiratu diren enpresak; besteak beste; Kanadako Bombardier, Australiako Macquarie, Alemaniako Siemens eta Frantziako Alsthom. Systra (Frantziako Estatuaren SNCF tren-konpainiaren filiala), berriz, iaz erretiratu zen, eta aurreko astean jakin zen Greziako partzuergo batek ere eskaintzarik ez aurkeztea erabaki duela azkenik. Linea Gorria deritzona egun ustiatzen duen Citty-Pass konpainiak ere alde egin du.
Datorren ekainaren 15ean CAFeko akziodunen urteroko biltzarra izango da eta Beasaingo faktoriaren arduradunen esku izango da korda luzea ekar dezakeen erabaki historiko bat hartzea. Langileen eskakizunari muzin egin diezaiokete. Horrek, akaso, etekin ekonomiko handia ekarriko lieke, baina baita euren irudi korporatiboarentzako orban bat ere, etikaren gainean diruzalekeria hobesten duen gupidagabeko enpresa bezala geratuko litzatekeelako jendartearen aurrean. Aitzitik, proiektutik erretiratuko balira, euren jokaera eredugarria izango litzateke Israelekiko merkataritza harremanak dituzten beste enpresa askorentzat.
Ez daukat dudarik tamaina horretako enpresa erraldoi baten lehentasunen artean ez dagoela Giza Eskubideen babesa; baina bai, ordea, euren irudi korporatiboa; eta zure irudia apartheid erregimen batenari lotuta ikusteak ezin du ondorio onik ekarri. Aitzitik, CAFeko zuzendaritzak justiziaren alde jartzea eta proiektutik erretiratzea erabakiko balu, enpresa serio eta bere kode etikoarekiko koherente moduan geratuko litzateke. Hori ona litzateke, ez bakarrik Palestinako herriaren Giza Eskubideentzat, baita CAFentzat, akziodunentzat eta langileentzat ere.
Koldo Alzola
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!