“Balearen bertso berriak” -Josean Bueno-

Duela egun batzuk “balea agertu zen”, ez dakit izan zen “bederatziak aldean” bertso zaharrak esaten duen moduan. Ez Orion, Zarautzen baizik. Youtuben bideoa duzu ikusgai: balea Zarautzeko hondartzan, ertzetik oso-oso gertu area eta ura harrotuz. Balea, norabidea galduta edo, lehorrean ez hiltzeko borrokan ari zen. Hangoak hurbildu eta bultzaka aritu zitzaizkion, itsasoratzen laguntzeko. Baziren hamabost lagun inguru –sorosleak eta beste- ikusi dudan bideoan. Amaieran balea libre ikusten da eta jendea bere ondoan, guztiok igerian. Ederra da eszena, film batekoa dirudi.
“Balearen bertsoak” kanta famatuan balea agertzen denean jendea ere bertaratzen da: “beriala juan ziren treñeruen bila, arpoi ta dinamita eta soka bila…” Duela mende bat Orion gertatutakoa kontatzen dute bertsook. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada: itsas pizti handiari nola begiratzen zioten garai hartako “mutil bizkor bikainek” eta gaurko neska-mutilek nolako begiradaz hartzen duten lehorrera hurbiltzen den balea. Errukia, enpatia eta anaitasun sentimendua zabaldu da, eta pertsonen harago joan da, animalia-jendearengana helduz.
Ikuspegi aldaketa hau ez da nolanahikoa: natura ustiatu beharreko baliabide bilduma baino gehiago da pertsona askorentzat (ez horretan interes handiak dituztenentzat, jakina). Sentsibilitate berriak portaera berriak dakartza: duela mende bat pentsaezina zitzaien baleagana hurbiltzea itsasoratzen laguntzeko; gaur egun pentsaezina zaigu arpoiarekin joatea balea akabatzeko.
Pentsamendu eta ikuspegi aldaketak aldaketa sozialak dakartza nahitaez, denbora behar bada ere. Garai batean oso normalak eta gizartean erabat onartuak zirenak (esklabutza, emakumeen eskubide eza, homosexualitatearen aurkako jazarpena …) gaur egun onartezinak zaizkigu. Ez dut esaten, noski, arazo horiek guztiak gaindituta daudenik, inola ere ez. Baina bai atzeraezinezko aurrerapenak egin direla, kontzientzia garapenak portaera- eta lege- aldaketak ekarri baititu.
Animaliekiko harremana hurrengo paradigma aldaketa izan daiteke. Gero eta ahots gehiagok adierazten dute gure planeta honen “beste” biztanle horiekiko kezka. Hemendik hamarkada batzuetara gaur egungo ohiko errealitate batzuei jasanezinak direla iritsiko diete garai berrietako gizon-emakumeek. Balea bat itsasertzean agertzen denean bezala.
Josean Bueno Saez de Albeniz
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!

1 thought on ““Balearen bertso berriak” -Josean Bueno-”
Bai horixe! Hori bai hori, arrazoia!