Auzolana Pilotalekua, bederatzi urte “frontoia berreskuratzetik, frontoia defendatzera”
Bederatzi urte bete dira Gasteizko Alde Zaharreko zenbait bizilagunek Auzolana Pilotalekua okupatu zutenetik. Inongo erabilerarik ez zuen San Jose pilotalekua okupatu zuten 2008an, eta izenari men eginez, auzolan potente baten ostean hau konpontzea lortu zuten.
Ordutik, pilota eta pala partidak, bazkari herrikoiak, ekitaldi ezberdinak… etengabeko bizitza izan du frontoiak. Bederatzi urteren ostean, ordea, arriskuan dago. Frontoia kudeatzen duen Txapa Ahotsa asanbladak adierazi duenez, orain dela bederatzi urteko “Baietz auzoak frontoia berreskuratu” lelotik, “Baietz auzoak frontoia defendatu” lelora pasa behar izan dira.
Auzolana Pilotalekua kudeatzen duen Txapa Ahotsa Asanbladaren iritzi artikulua
“Gozatuz maite dugun hori…bederatzi urte jada” – Txapa Ahotsa Asanblada –
Bederatzi urte honezkero. Bederatzi urte Gasteizko Alde Zaharreko hainbat pertsona eta mugimenduren artean ideia bat zabaltzen hasi zela ahopeka: “Lotsagarria da nola ari diren pilotalekua usteltzen uzten… eta zer edo zer egiten badugu?”. Turistifikazioak oparitzen digun auzokideentzako espazio publikoen galeraren aurrean, auzoarekiko ardura eta maitasuna antolatzen hasi ginen. Eskolako Gurasoen Elkartea, Gaztetxea, Gao Lacho Drom ijitoen elkartea, Campillo Kirol eta Kultura Elkartea, Egin Ayllu, auzotarrak… entsalada askotariko hartatik, pilotalekuaren okupazioan amaituko zuen kanpaina jaio zen, erronka kutsuko bere lelo nagusiarekin: “Mila gorri!! Baietz auzoak frontoia berreskuratu!!” Hilabete pare batera, hainbat ekimen publikoren zein isilpeko konponketa lanen ondoren, kalejira batek San Jose pilotalekua okupatu eta Auzolana Pilotaleku birbataiatu zuen.
Estreinako erronka berreskuratzearena izan bazen, bigarrena bizi-berritzearena. Are gehiago, auzoa eginaz bizi-berritzearena. Asanblea ireki baten bidez kudeatuz; erabiltzaileak mantenuaren arduradun ere eginaz, auzoaren (eta gure aurreikuspenak gaindituz baita ere hiriaren) edozein beharri ateak zabalduz, burutu behar izan diren konponketa lan ugarientzako dirua eta jakintzak geure kabuz lortuz… Autoantolaketa, autogestioa finean. Erabileraren zenbatekoak eta bere aniztasunak gu geu harritu gintuen hasiera-hasieratik: kirolak eta jolasak, ekimen politiko zein kulturalak, langile komiteen asanbleak, herri bazkariak, GOIAN egitasmoaren eskolaz kanpoko jarduerak, pilota txapelketak.. Udalak berak ez ditu ba hainbat talde eta ekimen gurera bideratu urteotan horrela interesatu zaionean!
Eta hara non gurean, eguneroko auzogintzan ari ginela, udaletik berria heldu zitzaigun. Kafe Antzokia eraiki nahi zuen udal gobernuak Auzolana pilotalekuaren gainean. Gure hasierako galderak erantzunik gabe jarraitzen du ordudanik: Zergatik altxatu proiektu bat beste bat eraitsiz? Zergatik euskaren aldeko proiektua altxatu nagusiki euskaraz aritzen den eta euskara ere bultzatzen duen proiektu baten kaltetan? Erantzun fundamentuzkorik bat ere ez, baina inposaketak nahi beste. Azkena iragan otsailekoa. Auzoko hainbat eragilek, Antzokiaren elkarte sustatzaileak, oposizioko udal talde ezberdinek edo guk geuk prozesua gelditu eta beste modu batean ekiteko eskaerei entzungor eginaz, Kafe Antzokirako ideia lehiaketa abiatu zuen udal gobernuak. Orain dela bi aste jakinarazi zen epaia. Eta lehiaketaren oinarriek ezinbesteko egiten zuten moduan, proiektu irabazleak Auzolanaren eraisketa aurreikusten du. Ez gara horren analisian luzatuko. Proiektuaren informazio zehatzik ez dugulako, eta ez diogulako urrats honi behar baino garrantzi gehiagorik eman nahi. Izan ere, lehiaketaren oinarriek zehazten zuten proiektu irabazlea ez dela zertan izan gerora gauzatuko dena. Lehen bezala orain, hortaz, erabaki politiko hutsa izaten jarraitzen du.
Baina bada azpimarratu nahi dugun kontutxoa. Hasieratik azaldu dugu susmo bat egitasmo guzti honen inguruan: Antzokia eraikitzearen atzean auzoaren turistifikazioari bultzada berria emateko nahi ezkutua, Paseo de Ronda delakoarentzako espazioa irabaziz besteak beste (kasualitatea: turistei zabalik eta auzokideei itxia dagoen espazio… publikoa?). Bada, hara zer ohartarazpenekin hasten den epaimahaiak epaia ezagutzeko txostena: aurkeztutako proiektuei errieta egiten die, zeren eta “…han sido relativamente escasos los participantes que han sido verdaderamente conscientes del alcance y trascendencia de la ubicación sobre la que se plantea esta intervención, a pesar del esfuerzo realizado en aportar documentación relativa al valor documental e histórico de sus preexistencias y de sus potencialidades”. Zehatzago: “…la metodología de estudio de los paños exteriores del conjunto de la muralla para su puesta en valor, ha sido muy limitado en la mayor parte de los equipos”.
Ez al zen Antzokiarena euskara bultzatzeko ezinbesteko egitasmoa? Zertara datoz aurreko ohartarazpenak? Zergatik ez dago inongo aipamenik euskarari dokumentu osoan? Argi dago non dauden batzuen egiazko kezkak eta helburuak.
Tamalez, gure jaiotzako “Mila Gorri! Baietz auzoak frontoia berreskuratu!!” moldatu beharrean izan gara: “Mila gorri!! Baietz auzoak frontoia defendatu!!” Eguneroko auzogintza isilari defentsaren lerro nabarmenagoa gehitu diogu. Baina penarik ez, biak elkar-elikatzeko moduan ari gara eta. Argi dugu frontoia ez ezik auzoko eta hiriko anai-arreba okupatu eta autogestionatu guztiak behar-beharrezkoak ditugula bestelako auzo, hiri eta jendarte ereduen bilaketan. Maite dugun hori gozatzen, esperimentatzen, jolasten, borrokatzen, konpartitzen jarraituko dugu. Maite dugun hori defendatuko dugu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!