Adierazpen askatasuna
Azken asteotan adierazpen askatasunaren inguruan izan den mugimenduak eztabaida bere tokian jartzen saiatzeko balio beharko liguke. Pablo Hasel.en adierazpenak edo kantuak ez ditut ezagutzen, baina esan duena esan duelarik ezin zaio jarritako zigorra ezarri. Inolaz ere ez. Atxilotu behar duten egunean-edo, Madrilen faxismokume batzuek izugarriak bota zituzten, «judutarra zen erruduna” eta halakorik, eta Pablo eta hauen artean inbutuaren legea aplikatzen dela egiaztatzeak sumindu gaitzake (beno, gauza horiekin harritzea ere!), baina katxorro hauek ere ez dute inolaz ere espetxea merezi. Adierazpen askatasuna, ororen gainetik.
Eztabaida zaharra da, eta ez du inoiz irtenbide definitiborik izango. Hasel.en kontuaren karira Espainiako Gobernuak ez dakit zein lege-egitasmo agudo bultzatzeko asmoa adierazi du, eta perfektu. Alabaina, Zigor Kodean hitzez burutzen diren delituak arautzearena kontu delikatua da, eta honetan ezkerreko jendeok ideia argiak izan behar ditugulakoan nago. Espetxerik ez, inolaz ere ez, zerbait esateagatik. Baina, bitartean jarrera aurrerakoietatik bultzatu egiten ari gara, beharrezkoa ikusten dugulako, gorroto-delituen figura, eta delitu hauen esistentzia baieztatzea eta aldi berean adierazpen-askatasuna blindatzea zaila da, oso, marra erabat irristagarria da.
Den-dena esan al daiteke erakundeetatik inolako zigorrik jaso gabe? Tira, seguruenik badira doan atera beharko ez liratekeen baieztapenak, baina jendarteak eman beharreko arrapostua edo erantzuna ezin da espetxera inor bidaltzea. Erreprotxe penala egon daiteke, nire ustez oso kasu gutxitan, eta beti ere bestelako neurrien bidez. Isunak, edo antzeko zerbait, ez askoz gehiagorik. Eztabaida eta konbate ideologikoa da ezkerreko proiektuen alde geratzen zaigun borroka bide bakarra. Babalore hitzontzirik bat detektatuz gero, egurra eman, baina hitzez. Eta terreno horretan irabazi. Eta, kontuz, eztabaida ideologikoa ez da horretara mugatzen. Esan nahi baita, Madrilgo faxisten koadrila horri erantzuteko tresnak ezberdinak dira, eta horietako bat hitzetatik haratago joan daiteke. Baina botere instituzionala erabiltzeke: jendarte zibilak erantzun behar du. Zartako batzuk, euren ekitaldiak boikoteatu, nahi duguna. Vox.ekoek Euskal Herrian horrelako erantzuna jaso izan dute eta ez dago, nire ustez, tokiz kanpo. (Hori bai, betiere jakinik horrelako erantzunak ematerakoan estatuaren erantzuna pairatzen ahal dugula eta, beraz, horren aurrean espantuka ibili gabe. Koherentziaz, heldutasunez).
En fin, bi hitzez, nire ustez totalitarismoak ez dira sortu edozein gauza esatea baimendu izan denean/delako, gauza batzuk ezin direla esan erabakitzen denean/delako baizik.
Eta kontu hauek bereziki azpimarratzekoak dira egun bizi dugun informazio-jario erraldoi eta kontrolagaitzen garaian. Sare sozialak. Horien baliagarritasuna eta erabilgarritasunaren inguruan ni baino askoz adituagoak direnek esan beharrekoa esana denez, bedi. Informazioa eskuratzeko aukerak eta adierazpen-askatasuna demokratizatzen ei dira tresna horiei esker. Nik ez dut batere argi ikusten. Susmoa dut txikimundu andana sortua dela eta ez funts ez mami, gehiena arina dela, eta argudio merkeak biderkatzeko mundu kaotikoa dela batez ere sorturikoa. Anonimatoan ezkutatzen diren koldarrek bultzatua eta eztabaida sakonak aurretiaz baztertuz, esaldi ingeniosoak, irainak, gezurrak, topikoak, aurreiritziak eta halakoak nagusi. Bada, hor ere, debekatu, ezer ez.
Txema Matanzas
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!