DARABAGU (Datorren urteko Araba Euskaraz ekitaldiaren leloa)

DARABAGU (Datorren urteko Araba Euskaraz ekitaldiaren leloa)
Patxi Goenaga 2019-11-13
Duela aste batzuk jakinarazi zuten non egingo den datorren urteko ARABA EUSKARAZ jaia. Amurrion, nonbait. Eta jaialdi horrek izango duen leloa ere jakinarazi zuten: DARABAGU.
Hasieran nire gaurko solasaldian hauteskundeez hitz egitea nuen pentsatua, baina darabagu honekin topo egin eta iruditu zitzaidan gusturago hitz egin nezakeela Araba Euskaraz ekitaldirako asmatu duten lelo honen inguruan. Asmatu egin baitute. Asmatu aditzak berak adiera desberdinak ditu, balio anitzekoa da. Izan daiteke, adibidez, zerbait asmatzea, historio bat, ipuin bat …. Edo esan nahi izan dezake ‘igarri’, zerbaitekin asmatzea esaterako. Kontu hauei bueltaka hasi nintzen berehala eta konklusio bat atera nuen: darabagu-k aditz jokatu baten itxura osoa du, asmatua izan arren. Sortzaileek hala aitortzen dute azalpenak ematerakoan: ‘darabagu hitz asmatu bat da’ diote. Eta hitz asmatu horrekin benetan asmatu dutela iruditzen zait. Hala uste dut: ERAMAN aditzaren eta ARABA edo ARABAN hitzaren arteko hibrido bat, aditz trinko bihurtua. Hibrido honen balizko deskribapena honako hau izan liteke: Aditza (berria), orainaldian, pluraleko lehen pertsonan adierazia. Laburra, baina esanahi handikoa, nahiz jakin ez zehazki zer esan nahi duen: ikastola darabagu, euskara darabagu, bihotzean, buruan, mihian darabagu… Ea egia den.
Eta hau esanik, hizkuntzalari gisa lelo horrek zer pentsa eman dit eta zuekin partekatu nahi nituzke neure burutazioak. Hizkuntzalaritza eta gramatikagintza oso kontu serioak dira. Gramatika zaleak ere serio xamarrak izaten dira, hala agertu ohi gara jendartean, serio demonio. Hizkuntzarekin txantxa gutxi: badaezpadako aditz berriak asmatzen, nolatan? Ditugunekin ez da aski, berriak asmatzen ibili gabe? Nahiko lan badugu paradigmak ulertzearekin. Hain zuzen, hizkuntzarekin eta aditzekin jostatzea ere zilegi da eta holako asmazioek lagun dezakete. Ez dira, noski, inori adarra jotzeko baina bai lagungarri izan daitezkeenean gramatika egiturak hobeki ulertzeko eta hizkuntzari buruz jarrera positibo eta optimistagoa izateko. Hortaz, kasu honetan asmazio polita iruditzen zait. Txantxa itxura du, baina azpian jakite sakona dago. Holako erabilera horiek, gainera, hizkuntzaren irakaskuntzan ere lagun dezakete, jolasa baliatuz. Izan ere euskal aditz jokoak prentsa txarra du euskara ikasleen artean. ‘Holako sasi aditzak asmatzen hasten bagara, errespeto gutxi erakusten zaio euskarari’ esan dezake norbaitek. Errespeto falta izango litzateke, adibidez, ‘ni horretan sinisten naiz’ moduko aldrebeskeriak asmatzea, baina esistitzen ez den darabagu hori aditz fantastiko bat da, fantasiaz betea esan nahi dut eta lagun dezake hain konplexuak eta konplikatuak omen diren benetako aditzak ulertzeko ez ezik behar bezala ikasteko ere. Hizkuntzarekin ere jostatu egin behar da. Darabagu hibrido hori daramagu benetako adizkiarekin erlazionatuko du hiztunak eta daukagu, dugu eta dezakegu-rekin erlaziona dezake. Eta hauetatik daramatzat, dauzkat eta abarrak ‘atera’ daitezkeen bezala. Darabagu-k ez du ezer esan nahi, asmatu dutenek nahi dutena eta onartzen dugun gainerakook nahi duguna ezpada. Euskal aditza irakatsi nahian dabiltzanek etekina atera diezaiekete, erdi-jolasean, holako asmakizunei. Hortaz, bejondeiela lelo horren atzean auzolanean ibili diren guztiei.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!

1 thought on “DARABAGU (Datorren urteko Araba Euskaraz ekitaldiaren leloa) ”
Darabagu hitzak (aditzak) esanahi sakona duelakoan nago, bete-betean asmatu dute. Araba eta euskara uztartzen dira bertan eta Errioxan, Gorbeia aldean edo Gasteizen bertan erabili beharreko aditza da, baita Euskal Herriko erdigune diren hainbat txokoetan ere bai. Perfierietako zizelkarien beste artelan ederra da eta merezi duen aitortza eman behar zaio, bejondeizuela!! Eta zuk ere, darabazu?