Uhintifada: Uhintifada 375: Amaia Elorza: «BDZ mugimendua ahalegin handia egiten ari da CAF proiektu ilegal horretatik erretira dadin, baina Goierriko gizarteak ere erantzunkizun handia dauka gehiago mobilizatzeko».
Aste honetako atalean Amaia Elorza abokatu beasaindarra izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Elorza Aida errefuxiatuen kanpamenduan bizi da, Bethlehemeko hirigunean, eta bertan Badil Center giza eskubideen aldeko erakundean egiten du lan. Duela aste batzuk Gasteizko BDZ taldeak, Hala Bedirekin elkarlanean, bideo-dokumental bat aurkeztu zuen: "CAF, tranbia honi kolonia kiratsa dario"
Bideolan horrek Beasaingo CAF enpresak Jerusalem Ekialdean burutuko duen proiektu ilegalaren inguruan itzal handiko pertsonaien testigantzak jaso ditu, horien artean Elorzarena. Bere jardunean beasaindarrak azaldu digu nolako eragin soziala duen konpainiak Gipuzkoako eskualde horretan. Bestetik, kontatu digu CAFen proiektuak Jerusalemekin lotuko dituen kolonia ilegal horiek nolako eragina duten palestinarren bizimoduan. Azpimarratu du proiektu horrek nazioarteko legediarekin talka egiten duela, azpiegitura iraunkorrez hornituko dituelako kolonia ilegalak, eta zigor-ondorio zuzenik pairatzen ez badu ere, CAFeko zuzendaritza jakitun dela gerra krimen baten partaide direla. Ohartarazi du Goierrin ez dagoela informazio asko proiektuaren inguruan, jendeak ezer ez jakin nahiago duelako. Ezinbestekoa ikusten du eskualdeko jendea mobilizatzea eta enpresaren gaineko presio soziala areagotzea, CAF proiektu horretatik erretiratuko bada. Balioetsi egin du enpresako zuzendaritzari proiektutik erretiratzeko eskatu dion langile batzordearen jarrera, baina faltan somatzen du mobilizazio handiago bat, langileen partetik zein Gipuzkako gizartearen partetik. Konsideratzen du, CAF erretiratuko balitz, seguraski, beste enpresa batek hartuko liokeela lekukoa, baina sinbolikoki garaipen handia izango litzatekeela.
-
Uhintifada: Uhintifada 375: Amaia Elorza: «BDZ mugimendua ahalegin handia egiten ari da CAF proiektu ilegal horretatik erretira dadin, baina Goierriko gizarteak ere erantzunkizun handia dauka gehiago mobilizatzeko».??:??:??
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!