Madril
2010-10-31n emandako programa. Entzun hemen klik eginda
http://celosamentegordea.tumblr.com/
Recoletosetik behera pasieran goazela, argi ikusten dugu: distantziak gizakiak dira. Oinez neurtzen dugu bizitza, begiez neurtzen ditugu espaloietako baldosen arteko marrak. Distantziak gizakiak dira. Pertsonak daude gu bion artean.
I)
Distantziak gizakiak dira.
Recoletosetik behera pasieran goazela, argi ikusten dugu: distantziak gizakiak dira. Oinez neurtzen dugu bizitza, begiez neurtzen ditugu espaloietako baldosen arteko marrak. Distantziak gizakiak dira. Pertsonak daude gu bion artean, pertsonen bidez neurtu dezakegu zenbaterainoko urrun gauden elkarrengandik. Ez dugu ulertzen (eta hori da gure arteko konbertsazioa, Recoletosen behera goazela) nola ez duten oraindik asmatu eta ofizialdu distantzia neurtzeko neurri berri bat, denok hobeto ulertuko duguna, denoi barrurago iritsiko zaiguna. Gu bion artean, Recoletosen behera goazela, bi gizakitako distantzia dago. Baina berdin egon daiteke bi mila gizakitako distantzia.
Distantzia gizakiak dira. Distantzia gizakiak dira Madrilen.
II)
Orain laurogeita hamar urte ditu. Orduan ez zuen horretan pentsatu beharrik. Lau urte eman zituen han, soldaduskan, Aranjuez auzoko kuartel militarrean. Gerra osteko urteak ziren. Gose urteak, ilun urteak, ustel urteak, gazte urteak, isil urteak, mundu urteak el vasco ezizenez ezagun zen harentzat, gure aitonarentzat.
Txofer ibiltzea tokatu zitzaion. Lujoa, bere hitzetan. Soldaduak hemendik hara eraman autobus zaharra hartuta. Soldaduak hemendik hara eroan. Ez tirorik, ez bestelako betebehar latzik haren memoriaren dunetan. Txoferra zen el vasco Madrilen. Gizon zintzoa, bihotz onekoa, onegia orduko miserietarako. Mandoen gehiegikeriez nazkatu zenean, gasolina saldu eta diru apur bat egiteko aprobetxatu zuen egonaldia. Neska gazte madrildarrei eskutik heldu eta zinemara joaten zen gero. Irribarrez gogoratzen ditu han emandako urteak aitonak. Gehienetan, horrela gogoratzen ditu Aranjuezeko kuartel militarrean emandako lau urteak. Gorrotorik gabe, penarik gabe. Oporraldi bat izan zen gure aitonarentzat ordukoa. Horrela kontatzen dizkigu maiz, familian elkartzen garenean. Eta nik, begietara begiratzen diot, etortzen zaizkidan zalantza guztiak uxatu nahian bezala. Begietara begiratzen diot, gorroto arrastoren baten bila.
III)
Bitoriano Gandiaga
Autoen zarata urrundik
entzuten da hemen
gertutik ere ez ostera
gizonen ahotsik.
Urak bildu zituen hondarrak bezala
elkarren ondoan gaude elkar hartu gabe
hondarrak bezala elkarri kasurik egin gabe
piloan, beste lotukizunik gabe
gizona Madrilen
Madrileko giza hondartzan.
Hondarrak bezala dendara
barrara fabrikara
futbol zelaira zezen plazara
zinera teatrora
metrora.
IV)
36ko gerraz ere hitz egin dugu sarritan mahai bueltan. Berak, artean, ez zuen hogeita hamasei arte zenbatzen asmatuko. Ume harrapatu baitzuen gerrak aitona. Ume baten begietan geratu ziren hondarrak, hori baino ez da gerra bere hitzetan. Zeharka pasatako aireplanoak. Urrutian entzundako tiroak. Hurbilean lehertutako bonbak. Etxe inguruko basoetan ezkutatzen ziren aurpegi belztuak. Baserria lotarako okupatzen zuen arrotz jendea. Etsaiak lagunetatik bereizteko gai ez zen umea. Gerraren gordina, ikusten ikasten hasia zen ume baten begietan. Itsu gogoratzen ditu ordukoak aitonak, mutu ekartzen ditu akordura. Aurreko batean, gor geratzen ari dela onartu zidan baina oraindik entzun ditzakeela erortzen. Atzo balitz bezala entzun ditzakeela erortzen bonbak aireplanoetatik.
V)
Bitoriano Gandiagak gizakiaren gizakitasun faltaz idatzi zuen, eta Madrilen kokatu zituen bere pentsakizunak. Gaur egun, Bitoriano Gandiaga lurpean dago, baina lepoa egingo genuke, Recoletosen behera goazen bitartean, Gandiagak gauza bera idatziko lukeela gaur egun; baina ez Madrilez, baizik eta Arantzazuz, edo Altzuzaz, edo itsasoaz.
VI)
Aitarekin zegoen Otxandio inguruko larreetan iluntze hartan. Abioiak ailegatu zirenean. Andikona plaza gure historiaren orrialde ilun eta isilduetara pasatu zen egunean. Atzamarra luzatuz erakusten digu kokapen zehatza, puntu eternala. Orain oso aldatuta dago, badakizue
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!