Jai eredu alternatiboaren asanblada: “Gasteizko jaietan hutsune bat ikusi dugu eta gu alternatibak eraikitzera goaz”
Gasteizko jai eredu alternatiboa eraikitzen hasi diren asanbladako hiru gazte izan dira gaurkoan Kantoian; Itziar, Jon eta Unai. Duela hilabete batzuk hasi ziren biltzen, Gazte Eraiki topaketen harira, jai eredu alternatibo bat eraikitzerako bidean hainbat hausnarketa emanez. Auzo ezberdinetako gazteak biltzen dira asanbladetan, elkarren arteko harremana landu zein jai ereduaren baitan identifikatu dituzten hainbat hutsuneren inguruan bide berriak zabaltzeko asmoz.
Hau da zabaldu duten testua:
“Jai ereduaren inguruan eztabaidatzen hasi garen hainbat eragile eta auzotako gazteak gara. Gasteizko jai eredua lantzeko zein eraldatzeko taldea sortu dugu, alde batetik, Gasteizko gazteon arteko harreman falta sumatu dugulako eta, bestetik, jai ereduan hutsune eta kontraesanak nabaritzen ditugulako: musika eredu komertziala eta sexista agerikoa da gure jaietan; edalontzi berrerabilgarriak erabili arren, ez dugu ekoizten den zaborra murrizteko bestelako planteamendurik martxan jartzen; ez dugu jai eremuan euskara nahi genukeen bezainbeste entzuten ezta indartzen ere; zaila egiten zaigu zaintza erdigunean jartzea ; orokorrean multinazionalei erosten diegu, bertako produktuak zaindu gabe; kontsumo burugabe batean oinarritzen dira jaiak…
Hori guztia aldatzeko eta eztabaidatzeko, pixkanaka urratsak emateko apustua egiten dugu Gasteizko gazteon arteko koordinazioaren bidez. Gure jaiek dituzten hutsune eta kontraesanen aurrean, gazteon parte hartze aktiboa eta konpromisoa beharrezkoa dela uste dugu. Gaur egungo jai eredua errotik apurtu eta gazteok gure jai eredu propioa eraikitzera goaz, autogestioan eta parte hartze zuzenean oinarrituta.
Edonola ere, ez genuke nahi sortuko dugun alternatiba auzoetako eta Gasteizko jaietara soilik mugatzerik, bestelako egun eta guneetan ere eragitea baita gure asmoa.
Hainbat dira orain arteko eztabaidetan ateratako ideiak. Adibidez, Euskal Herriko gainerako herri eta hirietan bezala, Gasteizen ere hiriko gazteak batzeko koadrila, talde, konpartsa edo dena delakoa sortzea eta gaur egun Gasteizko jaietan eta gainontzeko egun berezietan (San Prudentzio, Santiago, inauteriak) egiten diguten eskaintzari alternatibak ezartzea.
Jakin badakigu proiektu honen atzean ikaragarrizko lana dagoela, baina jasoko dugun uztak merezi du: auzo, eragile eta gazteon arteko harreman berriak sortuko dira eta gazte mugimenduak indarra hartuko du; gainera, zentzua emango diogu Gasteizko jai ereduari, ikuspegi alternatibo eta eraikitzaile bat praktikan jarriz.
Bukatzeko, deia luzatzen diogu proiektu honekin identifikatuta sentitzen den gazte orori, guztion indarrak batuz soilik izango baita posible Gasteizko jai eredua eraldatzea.”
GASTEIZKO JAI EREDUA ERALDATZERA GOAZ!
-
Kantoia: Jai eredu alternatiboaren asanblada: "Gasteizko jaietan hutsune bat ikusi dugu eta gu alternatibak eraikitzera goaz"??:??:??
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!