Zenbateko dantza
Ikaragarria, shock egoeran gelditzeko modukoa. Maiatzaren 28ko hauteskundeei begirako kanpaina nola joan zen ikusita, zelakok eta zelan bota ziren (kanpaina zitala, ustela, bidegabea, errespeturik gabekoa) zuzeneko gutxi espero zitekeen.
Baina ondorengoa… hau bai gogorra eta gordina. Nork nori botoak lapurtu nahian, negoziatu deitzen diote. Berdin da zein programaren edo helbururen inguruan izan, garrantzitsuena aginte makila eskuratzea da, berdin da zeini dagokion logikoki, bozkatuena izan delako edo bat egite logikoena delako.
Nazionalistak sozialistekin bat eginda abertzaleen aurka, zehatzago esanda ezker abertzalearen aurka, berdin da eskuma españolaren botoekin izan edo zuzenean eskuma españolari irabazten utziz. Bost axola Herria, Euskal Herria, agintea lortu ezkero.
Agintea zertarako? Politika zikinekin jarraitu ahal izateko, trabarik gabe, eta badaezpada ere eskuma lagun izateko. Agian, noizbait, beraien beharrean aurkitu daitezke.
Jo mugan Herria egiten saiatzen den Ezker Abertzalea, ezkerrekoak eta abertzaleak.
Ez zait gustatzen izen propioak erabiltzea, ez naiz horren aldekoa, denok garelako noizbait eta zerbaitetan onak baina oraingo honetan mereziko luketela uste dut, muga guztiak gainditu dituztelako.
Ni behintzat urratua, ezeztatua, erasotua sentitzen naiz.
Beti jakin izan dugu zer den eta zertarako gai den espainiar eskuma eta are gehiago espainiar eskuin muturra. Urte luzeetan, luzeegietan jasan dugu beraien bortizkeria, hainbeste gustatzen zaien hitza erabiliz, beraien terrorismoa. Niri behintzat beldurra sortarazten didate, ikara.
Eta nazionalistek “pase torero” egitea, beraiekin joateko arazorik ez izatea? Horrez gain ezker abertzalea aurretik kentzearren sozialisten besoetan amaitzea inongo lotsarik gabe? Hauengandik ere nahiko eskarmentu badaukagu.
Nortaz fida gaitezke?
Hurrengo hauteskundeek bakoitza bere lekuan jarriko ote dute!
Bitartean zintzo lanean jarraitu beharko dugu herria osatzen jarraitzeko, ezkerreko herri abertzalea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!