Urte berriaren hasieran
Joan zitzaigun urte zaharra eta nik kale, zuei, entzuleoi: ez nizuen agur esan, ez adiorik ez ezer. Baina hemen segitzen dugu oraindik zuen baimenarekin. Bizirik atera gara azken zaparrada eta ekaitzetatik, hauteskundez hauteskunde, betiere demokraziaren iparrizarra gidari dugula. Eta maiz izan dezagula. Oka eginaraztera ez ahal zaizkigu iritsiko behinik behin. Galde egin, badaezpada, ahotsa ez ezik, boza edo beren VOX-a hain itxuragabe eta hain oldarkor altxatzen dutenei. Nire ustez, bozetik aski izan dugu, baina hitzari oraindik etekin gehiago atera behar genioke. Zeren hitzari oraindik ez zaio iritsi azkena, ez iritsiko ere. Hitz gara eta bizi garen artean hitza praktikatu beharra dugu. Nik behintzat horretan sinisten dut. Betiere, kontuan izanik hitza arrazoiaren, gogoaren, emaitza dela, eta emaitza ez ezik arrazoiaren sortzaile ere, arrrazonamenduaren egile ere bai. Hain zuzen, jasan ditugun bi hauteskunde kanpainetan hizketaldi luzeak eta errepikakor asko jasan behar izan ditugu. Honetaz jardun nuen zuen belarriak berotzen joan den maiatzean edo. Hala ere, zer edo zer aurreratu dugu ordutik hona: orduan ezina gertatu zena hilabete batzuk geroago gauzatu da edo gauzatzeko bidean jarri dute. Ni nahiko pozik, solaskideak adostasunenbatera iritsi direlakoan. Hala ere, edozein izkinatan sor daiteke ezustekoa oraindik. Erne egoteko sasoia da, nolanahi ere. Eta bakoitzak entzun dituenak ongi gorde ditzala gogoan.
Maiz pentsatu izan dut hauteskunde hoberenak direla partidu batek ere gehiengo absolutuarekin irabazten ez dituenak. Gehiengo osoa izatea ez zitzaidala gustatzen esan nion behin gure politikari ezagun bati. Hark erantzun: “ba, niri horixe gustatzen zait gehien”. Eta honako hau gehitu: “jakina neure partidua baldin bada irabazlea”. Niri, politikaria ez bainaiz, sanoagoa iruditzen zait biren edo gehiagoren koalizioa. Zailagoa da maneiatzea, baina gizarteari begira hobea. Jenderik gehiena asebetetzea nahi badugu, maiz amore eman beharra izango da. Ezinbestekoa dugu bakoitzak zerbaiti uko egin eta elkarrekin negoziatzea eta horrela gehiengo baten adostasuna lortzea. Maiz entzun nion txikitan gure amamari, “bakerik eskasena hobe gerrarik onena baino”. Eta hala dela iruditzen zait benetako bake batez
ari bagara.
Kontuan har dezagun Europan gaudela, herri eta herritar diferentez osatutako Europa batean eta gehienok bakean bizi nahi dugula. Ni neu Europazalea naiz baina baita euskaltzalea ere, edo abertzalea, nahi baduzue. Baina ‘zaletasun’ horiek ez dira absolutuak: independentzia bai baina noraino? Europarekiko independentzia zaletasunik handiena momentu honetan Bretainia Handiak erakutsi du. Ez zait gustatu. Zaletasun hori ez dute erakutsi, ordea, Eskoziarrek. Hauek independiente izan nahi dute Europa barruan. Hala dirudi. Nola ulertu hori? Ez dakit, baina argitu beharko da. Euskaldun gehienok ere agian ez gara independentista garbiak baina zenbat garen jakin beharko genuke.
Konstituzio honen aldekoak zenbat diren ere jakiten saiatu beharko genuke noizpait. Konstituzioren bat beharko da, noski, baina beste bat izan daiteke. Errege Felipek argi eman zuen aditzera bere jarrera. Nola ez, bada! Lanpostua galduko luke, bestela! Izan ere, ez da oso logikoa Estatuburutza hereditarioa izatea, adibidez. Badu Espainiako konstituzioak, hortaz, zer eztabaidatu eta zer aldatu. Hoberako, noski.
Nolanahi ere, azken gogoeta: zer alde dago autonomiaren eta independentziaren artean? Kontzeptu erlatiboak direla esango nuke: autonomia, independentzia erlatibo gisa eta independentzia, autonomia erlatibo gisa ikusten ditut nik. Gauzak ulertzeko modu bat da, nolanahi ere. Ildo honetatik, Nafarroaren eta Euskadiren etorkizunaz ere eztabaida daiteke. Baina hau beste baterako utz dezadan.
Urte berriak zer ekarriko ote digu!
Izan ongi!
(Patxi Goenaga, 2020-01-22)
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!