Urte amaierako kronika faltan
Aurtengo urte amaiera ezohikoa izan da Hala Bedi eta 97.0 irrati libreetan emititzen den UHINTIFADA irratsaioan. Hamabi denboraldi dira uhinetan eta azkenengoetan tradizio bati eutsi izan diogu urteroko azkenengo emisioan, Belen herritiko zuzeneko gabon kronikari. Ez da bereziki erlijiosoak garelako, aitzitik, ezagutzen gaituenak ondotxo jakingo du aspaldi utzi geniola nobela fantastikoetako pertsonaiengan sinisteari. Baina, gure munduko bazter honetako kontakizun hegemonikoak Palestinako herrixka horretan kokatzen du kristautasunaren sortzailearen jaiotza eta guk probestu ohi dugu alegiazko efemeride hori Belengo beste ikuspegi gizatiar eta errealago bat emateko.
Zeregin horretan Juani Rishmawi izan dugu bidelagun azken urteotan. Rishmawi Health Work Committees erakunde sanitario palestinarreko langile humanitarioa da. 30 urtetik gora daramatza Palestinan bizi eta lanean, eta bere urteroko kroniketan okupaziopeko gabonetako bestelako ikuspegi bat eman digu beti. Kontakuzun kritiko batez, bestelako errealitate baten berri eman izan digu, errefuxiatuena, bertan egunero okupazioaren jazarpenari aurre egiten diotenena, oztopoak oztopo egun hauetan sinismen erlijiosoak bultzatuta herrira iristen diren milaka erromesei harrera abegikorra egiten dietenena… eta beti diskurtso hurbil eta apasionatuaz, bihotz eta erraietatik sortua.
Aurten, berriz, haren hutsunea izan dugu urte amaierako kronika horretan, izan ere, Juani iragan apirilaren 13tik dago Israelgo erregimeneko kartzela militar batean. Bera eta ordezkatzen duen erakunde humanitarioko zuzendaritza talde guztia atxilo eraman zituzten nazioarteko diru laguntza humanitarioa Palestinako erresistantziara desbideratzen zutela leporatuta. Eta ez bere erakundea bakarrik, Palestinako gizarte sare ezkertiar eta laikoko beste sei eragile ere ilegalizatu egin dituzte antzeko akusazioak baliatuta. Juani, bere 63 urteak eta osasun egoera delikatua kontuan izanik, estrategia zabalago baten kate maila ahulena izan da; Palestinako mugimendu aurrerakoi eta ezkertiarra deuseztatzea helburu duen estrategiarena.
Juaniri baldintzapeko askatasuna eskaini zioten leporatzen zizkioten ustezko karguak onartzearen truke eta zortzi hilabeteko sufrikarioaren ostean amore eman eta onartu egin behar izan zuen. Halere, gauza jakina da Israelgo erregimena ez dela agindutakoa betetzen duen horietakoa eta gure lagunak kartzela militarrean segitzen du oraindik ere, batek jakin noiz arte.
Aurten isilune bat izango dugu uhinetan. Baina haren hitzak guregana iristen ez diren arren, baliteke gureak harengana iristea. Beraz, gaur eta hemendik proposatzen dizuet gure maitasun hitzak Juanirengana bidaltzea, berak egin ohi zuen modu gertu eta apasionatuan, baina idatziz. Bete dezagun espetxea orain arte haren entzuleak izan garenon elkartasun gutunez. Agian iritsiko zaizkio, eta gehiegi luzatzen ari den sufrikario hau alaituko diogu. Agian ez, baina sikiera balioko dute espetxeko funtzionario bati lan zama gogaikarri bat eransteko. Baina ziur asko balioko dute haren egoera ez dezan ahanzturan erori.
Portzierto, gutunak ingelesez idaztea komeni omen da, kartzelako zentsurak ez ditzan atzera bota, eta helbidea mezu honen amaieran topatuko duzue.
Ea aurtengoa Belengo kronikarik gabeko azken gabona ote den!
Juana Ruiz Sanchez
Damon Prision
P.O. Box 98
30056 Daliat El Carmal
Israel
Koldo Alzola
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!