Printzesa transformer
Ana de la Cerda y Mendoza, princesa de Eboli. Mujer de alta cuna. Ez dut galderarik erantzuten. Perfektua naiz. Mapan koka ezina den herrialde ñimiño batetik nator. Historian 10 bat atera duen bakarra naiz ni. 10a perfekzioa da. Ez dakit Times aldizkariak nitaz zer esaten duen.
Nire begien aurretik pasa diren gorputz guztiak sartu zaizkit barrura. Nire gorputzaren atal ezberdinetan ditut erraiturik. Poroetatik atera zaizkit gero, ile formarekin. Horregatik naiz iletsua. Gorputz horiek guztiak begi bakarretik sartu zaizkit barrura, horregatik naiz estrabikoa.
Beste teoria batek dio, txikitan, nire gorteko paje batekin jolasten nuen bitartean, honek florete batekin ukitu zuela nere begia, eta ordutik ez dudala ezer ikusten. Hala ere, erresumako emakumerik ederrena naiz.
Egun batean, oso bibote handia zuen gizon bat klasera etorri eta zera galdetu zuen:
- Ba al daki norbaitek (hemen) txiribuelta laterala egiten?
Gimnasiora sartu bezain pronto ulertu nuen mundu horren parte izan nahi nuela.
Goikoek berehala ikusi zuten izar bat izan nintekeela, eta horretara bultzatu ninduten. Izar bat naiz.
Nerabezaroan nere gorputza aldatu zen. Oso zaila izan zen hori onartzea. Zeruko aingeruentzat emakumeon adats ikaragarri luze haiek oso erakargarriak zirela esaten zen, eta haien jabe izan nahi zutela. Hori zela eta nire burua zapi batekin estali behar nuen elizara sartzerako orduan. Ilea moztu nuen.
Maskulinoa bihurtu nintzen, nere gorputzean zeuden gorputzak askatu nahian, ni nintzena topatu nahian.
Konturatu nintzenerako alargun geratu nintzen, ezkutatu beharreko alaba bat besoetan nuela. Eta lizunkeria hitza deskubritu nuen. Concupiscencia erderaz.
Ez dago argi garai hartan erregearen idazkariarekin gertatutakoa amodioa izan zen, politika kontu bat edota nere senarraren heriotzaren ostean behar nuen laguntza eskaini zidan harremana. Hala eta guztiz ere, idazkariarekin soilik ez, erregea berarekin ere jo nuen larrua, eta baita inguruko gizon guztiekin ere. Erregeak, jelosiak jota, espetxeratu egin ninduen.
Felipe IIak “la hembra” deitzen zidan.
Antifemeninoa naizela esaten zuten askok, eta barne politikan botere sekretuak nituela.
Transformer bat naiz.
Bola bat naiz.
Ilea nere pentsamenduen luzapen fisikoa da eta nire bizitzaren norabidea erakutsi dit.
Behin, Indietako Cartagenan nengoelarik, esklaboei ihes egiten lagundu genien. Nik eta beste emakumeek mapak ezkutatzeko erabiltzen genuen gure ilea. Inor gosez hil ez zedin nire trentzetan arto haziak ezkutatzen nituen gerora landatu ahal izateko. Garai hartan, gizon guztiak liluraturik geratzen ziren nire orrazkera bitxiekin. Ederra zen kontrolatua ez egotea.
Baina nire ilea beti erortzen zen, haietan gordetako gorputz guztiekin batera. Ilbetera arte gordetzen nuen, beste emakumeekin batera suaren izpirituei errito batean eskaintzeko.
Gerora Sanson ezagutu nuen, eta Jesus, eta Yoko. Nere historiaren parteen parteak besterik ez ziren izan.
Nire irudia mundu batetik bestera amildu da. Askotan gorputz erdi biluziarekin irudikatu naute, adats luze batekin, bere bekatuez damutzen den emakume bat bezala. Jesusen oinak garbitzen irudikatu naute. Nere adinaren datu zehatzik ez da inoiz agertu; historiak, ez du nire familiaz ezer idatzi. Arrandegi batean lan egiten nuela esan omen dute, (edota) prostituta, gimnasta, ama, politikaria, polizia, dantzaria, animalia basatia… (nintzela). Egia esan, gauza gehiegi esan dute nitaz. Salatariaren lepoan inoiz errebelatu ez den sekretua gordetzen da: Sara.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!