Pandemia, gabonak eta euskal preso politikoak
Pandemia gogor kolpatzen ari zaigun honetan hainbat dira egin ditzakegun hausnarketak. Izan ere, zenbait datu, iritzi, aholku eta informazio ari gara jasotzen bide eta medio ezberdinetatik.
Erietxeak gainezka omen daude (UCIak bereziki) eta biztanlegoaren artean urduritasuna eta beldurra ari dira nagusitzen.
Egoerari aurre egiteko hainbat neurri hartu dira agintaritzatik, konfinamenduak, mugikortasun murrizketak, harreman sozialen arautzea, kontrolak, izunak…
Baina pandemiaren eragina haratago doa, psikologikoaz gain ondorio laboral ta ekonomiko ugari ari da uzten: lantegien itxiera, lan murrizketak, langile kaleratuak eta honen aurrean haserreak, protestak, manifak…
ELKARTASUNAREN unea izan beharko litzateke hau, bere osotasunean, gaixotasunari dagokionez baina baita kalte ekonomiko-laboralak jasatzen ari direnei dagokienez.
Eta faltan botatzen da agintarien eta arduradun politikoen autokritika gehiago, ez dut uste dena ondo egiten ari denik, ezta gutxiagorik ere.
Hau panorama! Orain gainera GABONAK. Nola bideratu? Nola arautu? Nola egokitu?
Elkartu ahal izango gara? Familia berekoak? Hiri edo herri berekoak? Zenbat? 6…10…?
Laister jakin araziko digute “espertoek”! Guri, herriari, “obeditzea” besterik ez dagokigu.
Eta zurrunbilo honetan, apenas aipatzen diren gure Euskal Herri honetako parte bizia diren EUSKAL PRESO POLITIKOAK (eta beraien familiak eta lagunak) ditugu.
Haiek ez dute 6…2…4… (umeak barne)? aukeraketan edo zozketan denbora galtzerik izango. 1 eta kitto! Bakardadean igaro beharko dituzte Gabonak eta ez pandemiagatik baizik eta kartzelan daudenetik horrela pasa behar izan dituztelako (hainbatek 30 urte luzez).
Aurten gainera, pandemia aitzaki, aurrez-aurrekorik gabe egongo dira denbora luzez, jaiak barne.
Familiek edota lagunek ez dute beraiekin ezer ospatzeko aukerarik izango. Gainera hainbatek bidaiatzen pasako dituzte jai egunak, bisita arruntaren bidez, sikieran, euren maitasuna eta goxotasuna helarazi ahal izateko.
Beste batzuk (adina dela, urritasunak direla…) telefono deiarekin konformatu beharko dira.
Beste baterako geratuko dira besarkadak. Samina orohar nagusi.
Azken aldian hainbat preso hurbildu dituzte, batzuk Euskal Herrira, beste batzuk inguruetara. Gure maitasuna hurbilagotik sentituko dute eta euskal gizarteratuago aurkituko dira, baina ez dezagun ahaztu preso jarraitzen dutela.
LANEAN JARRAITU BEHARKO DUGU!
Lourdes Uribarri Larrañaga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!