‘Gucci’ falta zaigu
“This revolution is going to be about love” esten du Paul B. Preciado filosofoak Gucci-ren azken iragarkian. “Va a ser una cuestión de cambiar el deseo” dio bere ahotsean luxuzko marka italiarrak. What are you doing Paul? C’este que…. Comosediga? Batek baino gehiagok susto ederra hartuko zuen ‘desproposito’ honen aurrean, iraultza kontrasexualaren gidaria aberatsentzako arropa saltzen, baina egia esan ezta gauza berria, izan ere, geroz eta gehiago gertatzen zaigun zerbait da. Porca miseria! Goazen beraz aztertzera nola iritsi garen desiraren iraultza patrozinatu honetara.
Nola pasa iraultzatik publizitatera? Disidentziatik luxuaren merkatura? Nola kooptatzen eta lapurtzen dira jendartearen periferietan sortutako diskurtsoak?
Hartu talde gutxitu bat, baztertu bat, eta isolatu haren ezaugarriak. Askotan borrokan bertan definitzen dira hauek, subjektu politiko bezala antolatzeko prozesuan. Bizi duten zapalkuntza gehiengoaren aurrean plazaratzeko, gehiengoak ulertuko dituen terminoetan aurkeztu beharko dituzte. Sortu behar dira, beraz, ahalik eta kategoria sinplifikatuenak, argiak, unibertsalizatu ahal direnak. Zapalduaren identitate hau modu isolatuan eztabaidatuko da beti, ez dago eztabaida publikoan zapalkuntza ezberdinek sortzen duten errealitate zapaltzailea bere osotasunean aztertzeko aukerarik.
Kontzentra daitezela eskakizunak identitate unibertsalizatu eta isolatu hauen inguruan, baztertuak izan direnak hegemonia eta pribilegiotik gertuago egoteko borroka daitezela. Azken finean, kapitalismo neoliberalak dibertsitatea toleratzen du: arauarekiko apur bat desberdinak direnak onartzeko gai da (araua suntsitu gabe), produkzio, erreprodukzio eta kontsumoaren jolasean parte hartzen jarraitzeko gai diren bitartean, noski.
Identitatetan ongi definititutako talde hauek, jasaten duten bazterketa soziala eta indarkeria esplizitua murriztearen truke, komunitate disidente izatetik, merkatu-nitxu (infinitu) bilakatzen dira, Mendebaldeko progresuaren mitoaren legitimatzaile. Voila!
Estrategia honi ‘pinkwashing’ deitu izan zaio, arrosa: LGTB kolektiboaren kasuan, eta morea: feminismoaren kasuan + wash aditza (garbitu edo justifikatu). Pinkwashing estrategiak beraz; talde bat babesten duten legezko bermeen sistema erabiltzea da beste talde batzuen erasoak eta eskubideen urraketak justifikatzeko edo estaltzeko. Homonazionalismoa berriz, fenomeno global gisa definitzen da, estatuen eta gizarteen kalitate demokratikoaren neurgailu gisa aurkezten dena, eta estandartzat hartzen du gay eta lesbianen eskubideak babestea, ipar globarrean ulertzen diren bezala; washin estrategiek ekintza arrazista eta islamofoboak justifikatzeko maniobra diskurtsiboak izendatzen dituen bitartean kapitalismo globalizatuaren interes inperialistei aurrerakoitasunaren legitimazio morala ematen die.
Beraz, gorputz eta identitate marginatuok bi arriskuen arteko amildegian kokatzen gaituzte, faxismoaren indarkeriaren lehen biktima bezala edo neoliberalismoaren merkantilizazio eta inperialismo estragien komunitate asimilatu bezala.
Mundu mailan oso ezaguna da kapitalaren menkanismo hau, eta horren abide nagusi dugu Israel eta Telavid hiriko LGTBfrendy eskaparatea, herri Palestinarra hiltzen duten bitartean aurreraparen izenean. Eurobisionera sexu-genero disidentzia bezala auzkezten duten ikuskizunen bidez mendebaldeko moralismoa hegemonia inposatu eta Gaza bonbardeatzen duten bitartean.
Ikus ditzagun, Euskal Herrira ekarrita, mekanismo honen zenbait adibide. Gogoan izan beharko genuke aurreko urteko urrian Bilbau Bizkaia Pride delakoa, PNVren turismoa sustatzeko estrategia, LGTB komunitatea kanpaina politikorako atrezzo bezala erabiliz, edo Donostiko Hotel Axel San Sebastián, hiriko espekulazio, gentrifikazio eta hipsterizazio prozesuaren baitan kokatzen dugun parafernalia. Eta nola ez, hor dugu Maroto, homosexualitatearen (gay inperion liberalaren) bandera eragiten zuen bitartean arrazismoz eta xenofobiaz beteriko diskurtso eta praktika legitimatzen zituena, berriz ere progresu okzidentalaren mitoa indartuz. Eta zer izango da hurrengoa? gorputz polizialaren LGTB taldea? (ironia zen, bai honezkero hori ere existitzen da).
Estrategia guzti hauek ez al dituzte zuzentasun politiko humanistaren mugak agerian uzten? Ez al ginake zapalkuntzaren aurpegi anitzak ezagutzen ahalegindu beharko eta borroka anitzez blaitu, intersekzionalitate estetikoetatik haratago, aniztasunaren itxurakeri instituzional eta komertzialetatik haratago, normalitate toleranteagoaren eskakizun gogaikarrietaz haratago?
Ez al dugu desiratzen errealitate oldarkorra bere osotasunean arbuiatu eta deuseztatzea, gure artean zaurgarrien eta prekarioen direnen, garenon, direnon inguruan sortutako komunitatearen berotasunean, erasotzen gaituenaren gorrotoan, elkar-babes afektiboan, materialean, errealaren (auto)defentsan? Gutako Gucci batzuen arrakasta desiragarriagoa al da hidra kapitalistaren kontrako erraietako borroka errebeldea baino? Nor ari da lanean sistema hobetzeko, eta nor hura suntsitzeko?
Gobernu Inperialaren menpean bariazio huts moduan existitzeko baimena lortu izana ospatzeari Maitasunaren Iraultza deitzen diotenak nekez izango ditugu bidelagun, are gutxiago haiekin komunitate egin. Espero zenaren kontra bizirautea lortzen duten komunitate zapalduek ezin dute ahaztu badaudela zenbait munstro zeini ez zaien jaten eman behar. Betidanik gu suntsitzen saiatu den hori, gure kontrako gorrotoan eraiki diren instituzio horiek, ezin direla inolaz ere tolerantziaren eta errepresentazioaren izenean legitimatu. Desiraren iraultza ez da egun batetik bestera ideal batzuk beste berri zuzenago batzuekin ordezkatuz gertatuko, baizik eta hura susmopean jarriz, modernitatearen kategoria guztiak gainezka eginarazten dituzten afektu eta gogoei atea irekiz, suntsitzen gaituena suntsitzearen alaitasun basatian.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!