Eraso sexistak gure espazioetan: lanketa kolektiboak aztergai
Lurralde Askea
Erasoen kargu egin, modu patriarkalak birproduzitu gabe: ideiak, esperientziak, saiakerak.
Gizonok eraso egiten jarraitzen dugu: ez gizonak oro har, ez “beste” gizonak soilik; gu gizon “sozialistak”, gu “abertzaleak”, gu “feministak” ere. Zergatik erasotzen dugu gutako batzuk? Nola jokatzen dugu gainontzekook, gure espazioetan gertatzen diren edo gure kideek burutzen dituzten erasoen aurrean? Nola jokatu beharko genuke?
Gutxiegitan egiten gara erasoen kargu. Egiten saiatzen garenean, sentsibilitatea eta jakintzak faltan ditugula ohartzen gara.
Saioan gure buruak interpelatu nahi ditugu, goxotasunez baina zorrotz, bi ideia nagusiren inguruan: erasoen aurrean hartu dezagun dagokigun erantzunkizuna; egin dezagun justizia eredu zigortzaile eta patriarkalaren logikekin hautsiz, gure buruak eta jendartea eraldatzeko norabidean.
Horretarako erremintak eztabaidatu eta garatu nahi ditugu. Erasoen eta gure jarreren inguruko hausnarketa politikoak konpartituz, batetik; gure espazioetan gertaturiko erasoen lanketa esperientzia praktikoak ezagutuz, bestetik. Gure artean izango ditugu erasoen eta horien kudeaketaren inguruko euren esperientziak azaltzen:
– Jabi Arakama (Gizoneneako kidea eta Iruñerrian hainbat eraso kudeatu dituen lantaldeko kidea)
– Errekaleor auzoko gizon batzuk.
– Euskal Herriko musika talde bateko kide bat.
Lemoako Topagunean, Apirilaren 20an, goizeko 10etan. (Gizonentzako* saio ez-mistoa)
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!