Dena euro batean
Ikasturteari ekin diogu, eta indartsu gero. Aurten, burujabetza mahaian hasten denaren hori, egia bihurtuko da behingoz.
Yolanda Díazek dio, zerbait egin behar dela pobreak behar bezala elikatu daitezen. Zerbait iraultzailea; hala nola eskaintza eta eskaria planifikatzea; hala nola oinarrizko elikagaien kartilak ezartzea eta inori freskorik falta ez zaizkiola ziurtatzea; hala nola ekoizpen eta kontsumo kooperatibak bultzatzea, herritarrok gure elikaduraren gaineko erabakien jabe bihur gaitezen merkatuko diktaduratik kanpo; hala nola lur ez-landuak desjabetu eta …. Barkatu, ozen ari nintzen, edo mendez erratu naiz, edo herrialdez, edo Diaz-ez igual.
Ezetz, esaten duena banaketa handiarekin oinarrizko elikagaien saski bat arrazoizko prezioetan negoziatuko duela da, eta irabazteari uzten dioten tartea beren poltsikoetatik ken dezatela konbentzituko dituela gainera. Hori bai baikortasuna andra honena.
Yolanda Díaz Pérezek (ez nadin berriro dibagatzen hasi) dio hori guztia saltoki txikiak kaltetu gabe egingo duela, aldi berean kanpaina bat egingo dutelako herritarrok bertan kontsumitzeko. Ez diot ezer entzun ekoizpen-sektoreari buruz, hauxe izango baita egoeraren beste ordaintzailea, baina ziur ez dela ezer kanpaina potente batez konpondu ezin daitekenik.
Zalantzak sortzen zaizkit, berarenaren moduko ezagutza duen pertsona, proposatzen diguna sinesten al du? edo ergeltzat hartzen gaitu?
Modu sakonean eskaintza-eskari estruktura eraldatu barik adabakia ez den zerbait lortuko delakoan dago? Ala adabakiarekin konformatzen da guk esplotatzaileen arteko alternantziarekin konformatu garen bezala? Ez, ez bilatu, ez dago erantzun egokirik kasu hauetan.
Distribuzio handiari burua zuritzeko aukera eman dioten bitartean, baserritar eta merkatari txikiok jo puntuan kokatu gaituzte. Supermerkatuek ahal badute, zergatik ez besteak? Galdetuko dio bere buruari egoera hau erantzulerik gabeko merkatuak sortutako ataka delakoaren diskurtso sinplea erosi duenak.
Eskerrak herri eta auzoetan bestelako dinamikak martxan egon diren, eskerrak harreman zuzenetan oinarritutakoei, eta eskerrak, inor kanpoan geratu ez dadin elikagaien eskuragarritasuna norberaren errenta gaitasunera moldatzen dituztenei.
Egon badirelako, elkar-laguntzaz eta parte-hartutako ardurapean urteak daramatzatenak, beste elikadura sistema posiblea dela erakusten. Elikatzeaz hitz egiten denean prezio eta balioa, ez dutela zertan gauza bera esan behar erakusten, eta elikadura osasuntsua, elikagarria eta eskuragarria eskubidea izanda, ezin dela inor kanpoan geratu bere ahalmen ekonomikoagatik.
Bilatu eta lotu zaitez, ez dituzu erraz topatuko, sasitan dabiz erresistentzia direlako, baina behin topatu eta frogatuz gero ez zaizu damutuko.
Iñaki Urkixo
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!