Buruhausteak
Konfinatu gintuztenetik, gure bizitzak, COVID-19ak sortu omen duen pandemiak guztiz baldintzatu ditu. Mamua beldurra ematen hasia zen aurretik, baina telebista ez dugunongana mamuak beti beranduago datoz. Hala ere, egunerokotasunean hainbeste eragin izan duenetik, burutik kendu ezin izan dudan kezka bihurtu da birus madarikatu hau.
Buruhauste hau ez da ea kutsatuko naizen edota nire ingurukoak gaixotuko diren. Buruhaustea, birus honek eta ondorioz, bera ekiditeko martxan jarri diren mota anitzetako neurriek eta diskurtsoek zeri erantzuten dioten asmatzea baizik. Hala ere, onartu behar dut, hemen botako ditudan ideiak ez direla azterketa sakon baten osteko ondorioak. Baizik eta, bizitza erritmo arinaren emaitza, ditugun datu gutxiekin eta informazio manipulatuarekin atera ahal izan ditudan dedukzio azkarrak. Hori dela eta, okertuta ibili naiteke ala ez, baina ziurra dena da motz geratuko direla hurrengo lerroak.
Lehenik eta behin, azpimarratu behar dut, Euskal Herritik egindako irakurketa izanda, hemengo errealitatean zentratua dagoela. Hau zehazteari ezinbestekoa deritzot, kudeaketa ezberdina izaten ari delako munduko txoko ezberdinetan. Eta nire burutik dabilen beste ideietako bat delako, agian kudeaketa ezberdin hauek ondorio ezberdinak bilatzen dituztela herrialde edota zonalde bakoitzean.
Langileriarengan, “pandemia” kudeaketak izan dituen eta izaten ari diren ondorioak Euskal Herrian ez dute aldatzen azken hamarkadetan zegoen tendentzia. Hau da, Ongizate Estatu deiturikoaren desegitea eta langileriaren bizi baldintzak okertzea. Aldiz, egoera honek, tendentzia hau asko azeleratu duela esango nuke. Adibide gisa, oinarrizkoak diren osasungintza eta hezkuntza sisteman eragindako aldaketak ditugu. Osasungintza publikoa, ia-ia de facto, desagertu dute. Anbulategi gehienetan ez dago mediku, erizain edota langile nahikorik arreta egoki bat eman ahal izateko eta COVID-19 ez den horretan esfortzurik ez jartzeko agindua dute. Eta hau gertatzen ari denaren adibide baino ez da. Bide honetatik jarraituz, jende askoren osasuna asko kaltetuko da. Hurrengo hilabeteetan osasun zerbitzu pribatuen igoeraren lekukoak izango gara. Baina ordaindu ezin izango duenak arreta oker honen “biktimak” bihurtuko dira.
Hezkuntza sistema ere, egun dauden neurriekin eta baliabideekin gero eta kaxkarragoa izango da. Helduen eta Estatuaren interesetan are zentratuagoak eta langile sumisoak sortzeko fabrika ezin hobea. Ahaztu gabe, horrelako egoeretan lan egitea edota klasera joateak osasunean eragingo dituen kalteak.
Honekin batera, zentro inperialistetako langileon aisialdi eta kontsumo ereduan, aldaketak ematen ari dira ere. Batez ere, kontsumoari lotutako aisialdian. Zer dela eta hau, kontsumo basatia izan bada langileria kapitalismoari lotzeko ezinbesteko tresna? Nire ustez, azken urteetan, sektore antikapitalista ezberdinetatik esaten genuenean kapitalismoa ez zela jasangarria eta modu batez edo bestez bukatu beharko zela Lurrak ezin duelako ekoizpen modu basati hau sostengatu, ez genuen pentsatzen, kapitalismoak, hamaikagarren aldiz bada ere, bere burua berrasmatu ahalko zuela klase dominatzaileen interesak garaile atera zitezen beste behin ere. Eta afera honetan ere, krisiz krisi aurrera daraman etengabeko ihesaldian, logika eza duten azaleko moldaketak burutuz, kapitala zentroan duen sistema hiltzaile honek bizirautea lortuko du.
Hau posible izaten ari da, beste gauzen artean, langileria eta burgesiaren arteko indar korrelazioan, galtzaile ateratzen ari garelako langileok. Eta bestetik, COVID-19aren kudeaketan beldurra, kontrol sozialerako bitartekorik egokiena bihurtu baita. Izan ere, kontrol sozialaren esperimentu bikaina da hilabete hauetan bizitzen ari garena. Beldurrez eraginda, gure bizitzaren kontrola areagotu dute. Eta honi men egiten dionarentzat, betiko errezeta, errepresioa.
Kontutan hartzeko azken elementu bat, sortzen ari garen jendarte obediente hau ate joka dugun faxismoarentzat lur emankorra da.
Baina zer egin honen aurrean? Etsipena? Inoiz ez. Estatu kapitalisten ofentsiba zaharberritu honen aurrean, borroka da bide bakarra. Borroka antolatzea daukagunaren defentsa egiteko, eskuratu ditugun etxebizitzak, lortu ditugun lan baldintzak, askatu ditugun espazioak, eraiki ditugun zerbitzu publiko ezberdinak… Borrokak antolatzea borroka bera bizirik mantentzeko berme gisa eta langileriaren antolakuntzan aurrerapausoak emateko. Baina aldi berean, gu ere ofentsiba klabeetan kokatu behar gara, eta kapitalismotik aldenduko diren proiektuak martxan jarri eta mantendu. Txileko kaleetan, guzti hau hasi zenetik, Euskal Herrian ohikoa dugun leloa ikusten zen: Soilik Herriak salba dezake Herria.
Itxaso Viñe
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!