“Ba al dago larunbateko manifestazioa eta herrigintza edo nazio eraikuntzaren arteko loturarik?” -Txema Matanzas-
Ba al dago larunbateko manifestazioa eta herrigintza edo nazio eraikuntzaren arteko loturarik? Printzipioz, ezetz esateko arrazoi teorikoak ez dira falta. Ea. Presoen askatzearen eta iheslarien itzultzearen afera iraganaldiarekin loturik dagoen kontua da, aurreko fasearen kontu bat eta, hotzean begiraturik, esan genezake fase hura gainditurik dagoen heinean -horrela ikusten ahal dutelako herrigintzan interesaturik dauden lagun askok- kontu horrek ez duela ezertan etorkizunari begirako lana baldintzatu behar. Bestela esanik, modu argian: Ezker Abertzaleak, printzipioz, lasai asko joka lezake bakarrik aurrera begira, etorkizuneko erronkek eskatzen dituzten bitartekoak, estrategiak eta ekimenak diseinatuz eta bidean geratu denari erreparatu gabe.
Mugimendu politiko hotz, zientifiko eta kalkulatzaile batek horrela egin lezake. Eta estrategia politiko-militarra partekatu ez duten sektore batzuek horrela egiteko eskubidea ere badute. Finean, presoena euren arazoa ez delako. Nago, baina, gurean eskema horrek ez zuela funtzionatuko. Agian ez garelako oso zientifikoak inoiz izan, agian (berriro ere) bihotzak agintzen diolako buruari eta ez alderantziz. Gauza da argi dagoela presoen eta iheslarien gaia modu txukunean konpondu ezean Ezker Abertzaleak nekez helduko diola etorkizuna eraikitzeari. Barruan/sasian daudenen ekarpenak kalitate handikoak direlako herrigintzarako? Ez, ez, ale batzuk egongo dira, baina orokorrean herrigintzan aritutako militanterik emankorrenak kalean daude.
Presoei buruz mintzatzen garen bitartean estatuek ez diotelako mami politikoari heldu behar izango? Bai. Baina, esan bezala, egoera horrelakoa bada, Ezker Abertzaleak arazorik gabe egin lezake lehenago aipaturikoa: presoen afera bere horretan utzi eta estatuak mami politikoaz hitz egitera behartu. Etorkizunean elkarbizitza ezinezkoa izango litzatekeelako? Garratzagoa izango litzateke, bai, batez ere hasieran, baina, gero, denbora ahanztura da. Seguruenik kontua askoz emozionalagoa da. Ezker Abertzaleak hainbeste eman duten militanteak atzean utziz gero sinpleki bere izaerari uko egingo lioke. Edo horrela sentituko litzateke. Berrogeita hamar urteko prozesuak, emankortasun politikoari dagokionez, eman duena eman du.
Baina bukaera txukuna eskatzen du, besteak beste Ezker Abertzaleak bere autoestima berreskura dezan. Eta bukaera txukunak hori eskatzen du: atzean ez da inor geratuko. Inortxo ere ez. Horrek, epe motzean, alimaleko ahalegina eska dezake, bai, eta ahalegin horrek agian estrategikoagoak diren beste fronte batzuen energiak bahituko ditu. Baina une bakoitzak bere lehentasunak ditu. Eta nago emozionalki ahultxo dagoen Ezker Abertzalearen zati zabal batek bakarrik berreskuratuko duela bere nortasuna horrelako kolpe bat joaz. Imajina dezagun presoen aferari nolabaiteko irtenbide zentzumenezkoa ematen lortzen dugula.
Ez du horrek esan nahi epe motzean denak kaleratuko direnik, baina bai denak kaleratuko dituen bide onargarri bat diseinatzen dugula eta estatuek, jendartearen jazarpenak bultzaturik eta denboraren iragaiteak lagundurik, onartzen dutela. Bide orri hori martxan, Ezker Abertzaleak arnasa hartuko luke, garaipen txiki baina era berean erraldoi horrek autoestima altxatuko lioke eta, seguruenik, beste eremuetan egin beharreko lanerako militanteak lortuko. Eta ezkerreko abertzaleak, herrigintzaren eragile nagusietarikoa izaki, inkluso presoena euren arazoa ez dela sentitzen duten horiek aztertu beharko lukete zenbateraino den herrigintza posible emozionalki bahiturik dagoen Ezker Abertzalearekin.
Objektiboki, horiei ere interesatzen zaie euskal presoen afera konpontzea. Hortaz, kontu honetan sionistek bezala egin behar dugulakoan nago, sentitzen dut, eskatzen dit bihotzak: etsaiaren esku dauden bahitu guztiak ekarri behar ditugu etxera, euren eskuetan es dugu gorpurik ere utziko. Berrogeita hamar urteko borrokak ez digu askatasuna ekarri, eta ez gara zelata horretan eroriko. Aurrera begira: bai, bai eta bai. Baina aurrera begira lan egiteko saihestezina dugu abiapuntua: denok etxean.
Txema Matanzas
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!