Espainiako Poliziaren infiltratu bat Gasteizko Errekaleor auzoan ere ibili zen
Espainiako Poliziako agente batek hiru urte eman zituen Bartzelonako mugimendu sozialetan infiltratuta. Barztelonako La Cinétika zentro sozialean hasi zen 2020an, eta “harreman sexu-afektibo instrumentalak” mantendu zituen hainbat emakumerekin eta horri esker asanblada, jardunaldi eta manifestazioetan errazago hartu zuen parte. Directa agerkari katalanaren ikerketak atera du azalera espioitza kasu hau. Gasteizko Errekaleor auzo okupatuan ere izan zela dokumentatu dute. through Argia.eus
Dani, el segon talp d’estat per espiar l’activisme (Dani, aktibismoa zelatatzeko bigarren estatu-sator bat). Izenburu horrekin eman dute aditzera Directa hedabideak Espainiako Poliziaren beste infiltratu bat identifikatu dutela.
Dani H.P. polizia-satorra Euskal Herrian ere izan zen “lanean”, Gasteizko Errekaleor auzo okupatuan. Azpi-erreportajeetako batean heldu diote gaiari Gemma Garcia, Jesús Rodríguez eta David Bou kazetariek: Unes jornades al País Basc, trampolí cap a Madrid (Euskal Herrian egindako jardunaldiak, Madrilerako tranpolina).
Pasa den ekainaren 7an artikulua plazaratu zuen ARGIAk: Kataluniako independentismoan eta etxebizitzaren mugimenduan infiltratutako Espainiako Polizia bat agerian utzi du Directa hedabideak. Orduko hartan Marc Hernández Pons izen faltsuarekin aurkeztu zen Espainiako polizia zen protagonista.
Orain, urtarrileko azken zenbakian, Directa-k jakinarazi du agente hura ez zela bakarrik ari lanean. Garai hartan, 2020ko ekainean, Daniel Hernàndez Pons izena zuen Mallorcako gazte bat Bartzelonako Sant Andreu de Palomar auzora heldu zen. Espioitza-kasuok Espaniako Barne ministro “Fernando Grande-Marlaskaren batuta hierarkikoaren pean” burutu direla nabarmendu dute Gemma Garcia, Jesús Rodríguez eta David Bou kazetariek. Baita ere, gaur egungo marko legalaren arabera, gisa horretako infiltrazioak soilik burutu daitezkeela agindu judizial batek babestuta, terrorismoarekin, krimen antolatuarekin eta estupefazienteen trafikoarekin lotutakoetan.
2020ko ekainean, bigarren infiltratu hori, orduan 31 urte zituena, Bartzelonako La Cinétika zentro sozial okupatuko gimnasiora agertu zen. Bertan zegoen ekintzaileetako baten hitzak jaso ditu Directak: “Esan zigun Interneten topatu zuela helbidea, entrenatzeko leku merke baten bila zebilela. Auzoaren bizitzan eta mugimendu libertarioan inplikatu zen, estetika aldatu zuen (tatuajeak, belarritakoak, faxismoaren eta poliziaren kontrako lelodun kamisetak…), eta guztien konfiantza irabazi zuen horrela. Erreportajean irakurri daitekeen moduan, hainbat mobilizaziotan parte hartu zuen infiltratutako agenteak.
Directak publikatu duenez Daniel Hernández Pons-en atzean DP inizialak dituen polizia ezkutatzen da. Bere identitatea argitara atera dute, batetik, infiltratutako poliziak egindako akatsengatik (bere iragan eta etorkizuneko datu publikoetara sarbidea eman dutenak) eta, bestetik, haren hainbat argazki alderatuta adituek egin dituzten proba fisonomikoengatik.
Errekaleorreko Topaketa Libertarioetan
Bartzelonan infiltraturik egon zen datetan, beste hainbat hiritara bidaiatu zuen poliziak, Madrilera –kontzertu batera– eta Gasteizera esaterako. 2021eko irailaren 16tik 19ra Errekaleor auzo okupatuan egin ziren Topaketa Libertarioetan izan zen, La Cinétika-ren izenean, Espainiako Estatuko beste kolektibo batzuetako kideekin batera.
“Errekaleorreko jardunaldietara joan aurretik, azken momentuan apuntatu zen, nahiz eta erasoen aurkako gida bat aurkeztera gindoazen, non berak ez zuen parte hartu”, adierazi dute gerora La Cinétika-ko kideek. Errekaleorren erositako kamiseta eta materialak, gerora, leku ugaritan jantzi zituen.
“Gure barneak biluztu arren, inoiz ez dituzue ulertuko gure bihotzen taupadak. Hala ere, ez dezagun ahaztu polizia eta estatua beti dagoela lanean. Babes gaitezen, babes ditzagun gure espazioak. Mila esker La Directako kideei, egindako lan guztiagatik”, adierazi dute sare sozialetan Errekaleorreko kideek ikerketaren berri jakin berritan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!