Joan Jett, (emakume) rockeroa -Jaione Agirre-
Aurreko San Joanetako asteburuan Azkena Rock ospatu zen Gasteizen. Urteak dira lagun bat eta biok joaten garela. Urtero, huts egin gabe, giro ederraz gozatzera, musika entzutera, talde berriak ezagutzera, aspaldiko ezagun eta lagunekin elkartzera eta ondo pasatzera joaten gara, azken finean.
Aurten kartel buru Joan Jett izeneko emakumea zegoen. Nik sekula entzun gabe neukan bere izena (edo hori uste nuen). Kontzertu itzela eman zuen eta konturatu nintzen abesten zituen abestien erdiak ezagutzen nituela. Musikari bikaina izateaz gain, bere ahotsa entzuten hasi orduko (bide batez, benetan ederra eta argia) ezaguna egiten zitzaidan.
Zergatik ez zitzaidan, bada, bere izena ezaguna egiten? Agian abestirik ezagunenak aspaldi batekoak direlako eta orduan ez nekielako musikarien izenik? Ala emakumea zelako?
Kadizen eskulturgile baten irudiak bota dituzte zaborretara. XVII. mendeko eskulturgilea zen La Roldana-renak. Emakumea zen. XVII.mendekoa. Gizona izan baliz (esate baterako, garai beretsuko Hernádez edo Mena) gaur egun botako zituzten? Badakit ondarearen kontrako astakeria asko egiten direla, baina duela gutxi ikertu berri ziren eta, hala ere, bota? Emakumea zelako ote?
Clara Peters margolari barrokoaz hitz egin zen lehengoan hitzaldi batzuetan. XVII. mendeko bodegoi egile bikaina. Bikainenetakoa. Hainbesterako, El Pradon erakusgai egon den lehen emakumea dela. Hizlariak zioen moduan, agian bigarren mailako generoko koadroak egiten zituela kontsideratu delako lortu izan du bere lana erakusgai egotea gizonenen artean, eta inork jakin gabe ia.
Henry James handiaren laguna zen Edith Wharton. Antzeko estiloko liburuak idatzi zituzten, garai beretsuan eta kalitatez ere bai. Nork ez ditu Henry James-en pare bat lan ezagutzen? “Portrait of a Lady” (Emakume baten erretratua), “Washington Square” edo “Koxka bat estuago”? Aldiz nork irakurri (edo entzun) ditu “The Age of Innocence” edo “The House of Mirth” eta Whartonenak zirela jakin?
Enparanoiatuta nago agian, baina hori ere zerbaitegatik da ezta?
Jaione Agirre
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!