“Herrietan hiriko elkartasuna behar dugu” -Maitane Vicente-
Hirikide agurgarri horiek,
Oso maite ditugu denok Euskal Herriko larreak, ardi latzak, mendi puntan ateratzen dugun argazkitxoa, eta badakizue zer? Hor justu, justu, ura betetzeko aukera ematen dizuen iturri hori, herri batena da. Bai, hala da! Herriak daude, eta badakizue zer? Bagaude landa exodorik egin nahi ez dugun gazteak, ez dakit arraroa ote den edo, baina bene- bene- bene- benetan, GURE HERRIAN BIZI GARA! Eh! Eta ez bakarrik hori, gure herrietan gauza piloa egiten ditugu. Gaztetxeak daude, azoka multi-kulturalak, jardunaldi feministak, hitzaldiak (makrobiotika, fracking-a, iraultza desberdinetako ponenteak…), baina arazotxo bat dago. Egunero-egunero hartzen dugu kotxea, hirira lan egitera joan behar garelako (20 minutu kotxez, pentsatu behar duzue “ke pasada!”- ironia da) edo bertako ekintza desberdinetan parte-hartzeko; izan ere, oso kontzienteak gara lan komunitarioaz eta honen beharraz, herrian hori baita bizimodua, eta bertan gauza politak egiten dituztenengatik, feministengatik, presoengatik, leku okupengatik… Guzti horiengatik, ia-ia ez dugu ezer galtzen. Gainera, gure herrietan egiten ditugun ekintzen egunak gure auzokideek prestatutakoekin bat ez egiten saiatzen gara, ez oztopatzeko.
Baina lehen esan dudan bezala… Arazotxo bat dago. Hilabeteak pasatzen ditugu ilusioz ekintzak, hitzaldiak, tailerrak, urteurrenak, antzerkiak etab. prestatzen, bereziki gazteentzako bideratuak, espazio autogestionatuak sortuz eta zaintzan oinarritutako erlazioak garatuz. Heldu da eguna! Gogotsu esnatzen gara, indartsu, talde lanaren emaitzak ikusi nahian. “Hontan bai, Gasteizko jendea erakarriko dugu, osea kriston egitaraua da, hau Gasteizen kriston aukera izango litzateke…” eta lau katu. Nola ez, lau katu. Eta ez, ez da kaka zahar bat delako, ez, ez da ezta konturatu ez direlako, ez, herriekiko elkartasun faltagatik da, “Gasteizentrismoa” da. Eta sentsibilitateak mindu nahi gabe hirikideok, baina herrietan jada ez dakigu nola egin zuek erakartzeko eta gurekin batera proiektu ederrak sortzeko. Bizilagunak gara, egunero ikusten gara tabernetan, hitzaldietan edota ekitaldietan, hemen gaude, zuen ondoan, baina ezin dugu alboan jarraitu biok nahi ez badugu. Araba herriz beteta dago, eta zorte onez, herriak gaztez beteta daude, gazte aktiboz beteta.
Oso maite ditugu denok Euskal Herriko larreak, ardi latzak, mendi puntan ateratzen dugun argazkitxoa, baina igandeetarako, txangoan eta tortilla patata batekin. Ausartuko al zarete gurekin dantzatxo bat botatzera? Patata tortila egongo da, eta baita garagardo goxo mordo! 😉
Besterik gabe,
Herritar bat, larreetan galduta, apika.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!