A ereduak ez du balio… eta B ereduak? Balio al du B ereduak?
Gure ikasleei, DBH amaitzen dutenean, Hezkuntza Sailak euskara maila jakin bat onartzen die: B1. Guztiei ez: A eredukoei ez zaie batere mailarik aitortzen. Zergatia argia da: A ereduko ikasleek ez dute nahikoa euskara ikasten. Horregatik, duela hamahiru urte, Patxi Lopezen gobernuak 47/2012 dekretutik kanpora utzi zituen A ereduko ikasleak. Hezkuntza Sail sozialistaren ustean, baita geroko hezkuntza sail guztien ustean ere, A ereduak ez du balio ikasle elebidunak lortzeko. A ereduak ez du legea betetzen; ez lege zaharra, ezta lege berria ere.
Galdera, beraz, erraza da: A ereduak ez badu balio euskal hezkuntza sistemaren helburuak lortzeko, zergatik mantentzen da? Nola da posible bere gabeziak hasiera-hasieratik agerian utzi dituen ereduak indarrean jarraitzea, zer eta lau hamarkada geroago?
Are gehiago: datorren ikasturtean, sei urteko umeak A ereduan matrikulatuko ditu Hezkuntza Sailak. Nahiz eta ondotxo dakien euskararik ez dutela ikasiko, Hezkuntza Sailak ikasle berriak hartuko ditu A ereduan. Horrela eginda, legea urratuko du; 17/2023 Hezkuntza Legearen 67. artikulua, hain zuzen: “Derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitzean, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila lortu beharko da bi hizkuntza ofizialetan”. Horixe dio legeak. Horixe ez du A ereduak lortzen, ezta lortuko ere. Horrexegatik ez zaie eredu horretako ikasleei euskara-ezagutzarik aitortzen.
B ereduko ikasleei, berriz, aitortzen zaie: orain arte, B1 maila onartzen zaie, D eredukoei bezala.
Baina zer esaten diote Ebaluazio Diagnostikoko datuek Hezkuntza Sailari? Guri ezer ez, argitaratu ez dituelako. Badakigu A ereduko ikasleek ez dutela euskara nahikoa ikasten, Hezkuntza Sailak berak ukatzen dielako B1 maila. Baina zer gertatzen da B ereduko ikasleekin? Benetan ondoriozta daiteke B ereduko ikasleek, salbuespenak salbuespen, B1 maila lortzen dutela?
Hezkuntza Sailak datu horiek baditu, jakina: urteak daramatza ebaluazio diagnostikoak egiten, eta badaki B ereduak euskarazko ulermena eta idazmena lortzeko balio duen ala ez. Ez da irudi osoa, baina bada zerbait. Jakina: hobea litzateke, Katalunian egiten den bezala, hemen ere ahozkoa neurtuko balitz, ikasle guztiei neurtu ere, DBH amaitzen dutenean. Zoritxarrez, horretarako asmorik ez dauka Hezkuntza Sailak.
Amaitu berri den ikasturtean, 4.629 ikaslek egin du DBH 4 maila B ereduan. Horietako 407k ikasi du eskola publikoan, % 8,8. Gainerako guztiek, 4.222 ikaslek, B eredu pribatuan ikasi dute. 407 publikoan, 4.222 pribatuan. % 91, ikastetxe pribatuan.
Hau da, B ereduko ikasleak D ereduko ikasleak bezala tratatzea, euskara maila bera aitortzea batzuei eta besteei, eskola pribatuaren mesedetan da. Zehatzago esanda, eskola kristauen mesedetan da, ikastola pribatu gehienek (ez guztiek) D eredua baino ez daukate eta.
Mikel Basabe
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
