O no será-Edo ez da izango: Lan sexuala: estigma, koronabirusaren krisia eta eskubideen aldeko borroka
Ekainaren 2ko efemeridea hartuta gaurko saioa lan sexualera gerturatuko gara.
Gaurko saioan ekainaren 2a, Sexu Langileen Nazioarteko Eguna, ekarri nahi izan dugu gogora. Ekainaren 2a aldarrikapen eguna da beraientzat, baina zein da data horren jatorria, efemeridea?
Egun horretan, 1975. urtean, 100 sexu langilek baino gehiagok eliza bat okupatu zuten Frantziako Lyon hirian, beraien egoera larria agerian uzteko eta poliziaren aldetik sufritzen zuten jazarpena salatzeko asmoarekin, abusuak, biolentzia, isunak, kartzelaratzeak… Beraien ekintza azaltzen zuten testu bat igorri zuten prentsara, “Neska alaiak jaungoikoaren etxean” izenburupean. Okupazio baketsu hori, Frantziako beste hirietara ere zabaldu zen ondorengo egunetan. Eliza horretan, egun horietan, eman zitzaion hasiera Prostituten Kolektiboari, ondorengo antolakundeentzat erreferente historikoa izan den kolektiboa.
Horren harira, gaurko saioan sexu lanaren inguruan hitz egin nahi izan dugu, ez da lehenengo aldia gai hori jorratzen dugula gure saioan, beraz, aurtengoan ere ikusgarritasuna eman nahi izan diogu, munduko herrialde gehienetan, baita Euskal Herrian ere, ezkutuan dagoen errealitate horri. Ofizio zaharrena deitu izan zaion arren, agerian utzi behar da ezin dela inolaz ere alderatu bestelako lanbideekin, oraindik ere gizarte matxista, patriarkal eta kapitalista honetan, profesioaren diskriminazioa, segurtasun eza eta estigma soziala agerian gelditzen baitira.
Gainera mugimendu feministaren eztabaida historikoa da eta oraindik ez dago itxita, are gehiago, azken urteetan pil-pilean dago eta posizio batzuk mediatikoki leku asko hartu dute eta asko gogortu da eztabaida, askotan sexu langileen subjektua kontutan hartu barik eta beraien aldarrikapenak entzun barik. Aurreko urteko Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan lan sexualaren inguruko eztabaida sakonak egon ziren eta sare sozialetan sortutako erantzuna abolizionisten aldetik gogorra izan zen.
Esan beharra daukagu, guretzat, Onoserako talde xume honentzat, hausnarketa ez dagoela itxita; buru-hausteak sortzen dizkigu gaiak eta gauza asko eskapatzen zaizkigu, baina jakin badakigu, pausuak eman behar badira nortzuen alde gauden eta sexu langile subjektuak ez ditugula isilaraziko.
Horretarako, hainbat emakume elkarrizketatu nahi izan ditugu. Lehenengo, Paula Ezkerrarekin hitz egin ahal izan dugu, sexu langilea, feminista eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea. Ondoren, Tania Sirianyri eskaini diogu tartea, hainbat urtetan sexu lanaren inguruan jardun den mugimendu feministako kidea. Jarraian, Gasteizko Nahikari programako (Sidálava) hezitzailea den Claudia Martínez elkarrizketatu dugu; eta azkenik, Candyren, Gasteizko sexu langilearen, testigantza ekarri dugu gurera.
Eta amaitzeko, gaiaren inguruan hausnartzen, ikasten eta eztabaidatzen jarraitzeko erreferentzia batzuk eman ditugu: Trabajo Sexual en Primera Persona seriea, Mai Staunsager, Diego Tamayo Gutierrez eta Leonor Silvestri AMMARekin, Asociación de Mujeres Meretrices de Argentina taldearekin egindako bideo-testigantza seriea; 2019an LAB eta IparHegoak egindako “Trabajo sexual: ¿Criminalización o reconocimiento?” jardunaldien hitzaldiak; Feministaldek idatzitako ‘El debate intrafeminista sobre prostitución’.
Hori dena Jimena Barónen Puta, Obsesión eta Magia Lópezen La llaman puta eta Vulpesen Me gusta ser una zorra abestiez lagunduta.
-
O no será-Edo ez da izango: Lan sexuala: estigma, koronabirusaren krisia eta eskubideen aldeko borroka01:17:16
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!