Zer dago zure selfiearen atzean?
Selfiean zure aurpegi irribarretsua lehen planoan. Atzean, erakutsi nahi diguzun testuingurua: paisaia hura, monumentu edota enparantza ospetsu hori, agian jende multzo bat celebrity baten inguruan eta zure burua erdian, buru eta gorputz asko koloretako argien azpian jaialdi horretan… Kezka bat argazki guztietan: ea ondo atera zaren. Badaezpada, argazki batzuk egiten dituzu, zure posea hobekien jasotzen duena aukeratzeko eta sare sozialetan konpartitzeko. Bata bestearen atzean, selfien bidez zure iragana osatuz doa urteekin. Bizitzaren gozamenak gurutzatzen ditu selfie guztiak. Bizitza horretarako da, disfrutatzeko! Ala ez? Selfien atzealdean mundu bat islatzen da normalean, lasaitasunarena, segurtasunarena, babesarena, kezka handirik ezarena, normalizatuta daukagun gure kontsumo-jendartearen irudia.
Lañotasun goxoan murgilduta, larritasun seinalerik ez dira antzematen zure selfiearen atzealdean. Dena dago ondo. Edo ia dena. Urteetan zehar sakelako telefonoak pasatzen dira zure eskuetatik, bertsio modernoenak agian, eta selfien bilduma handituz doa, beti irribarretsu, momenturen batean atzealdean ager daitekeenaz gehiegi arduratu gabe.
Baina, geldi!, biratu 180 gradu eta egin selfiea beste aldera, etorkizuna atzealdean ager dadila orain. Momentu bakoitzeko disfrutearen selfiearen erosotasunean murgildurik, askok ez dute inoiz egin etorkizunerako selfierik. “Zertarako? Utzi bakean!”. Bai, probatu. Urrundu pixka bat kamara zugandik selfie-makila erabiliz, edo, hobeto, hartu ikuspegi zabalagoa drone baten bidez selfiea egiteko. Orain atzean daukazun etorkizun-panoramak beharbada izoztuko dizu irribarrea. Etorkizun paisaia horretan ez da antzematen jada ohituta gauden kontsumo-jendarte hori. Kaleak zikinago daude, eta jendea itsusiago ematen du, izututa egongo balira bezala. Betirako izango omen zen ongizatearen jendarte hura ez dago argazkian. Zonalde eta momentu historiko zehatz baten ezaugarria izan zen baina orain, etorkizunean, hilzorian dago. Iraganeko selfietan poztasunaren kolore biziek maskaratzen zuten etorkizunaren berun-grisa kolorea, baina han ere bazegoen, eta etorkizunean nagusituz doa, beste garaietako selfietan nagusitzen zen hortzen distira hura ilunduz. Bortizkeria presenteagoa, gazte eta ez hain gazte asko soldaduskan edo frontean, ezagutzen ez dituzten gazte eta ez hain gazte askoren kontra borrokan. Bizitzaren prekarizazioa areagotuta. Esplotazioa biderkatuta. Anai-arrebak ogi-apurrak lortzeko haien arteko lehian. Egunerokotasuna suminduraz zeharkatuta. Gurasoek ordaindutako atzerrirako bidaiak bukatu ziren eta festibalak urriak eta apalak dira orain. Etorkizunean sistema autoritarioagoa da eta ez dizu uzten zure etsipen-selfieak konpartitzen, zure eta guztion segurtasunaren izenean. Mundua aldatzen ari zen. Beste askoren buru eta gorputzen gainean eraikitako gure kontsumo-gizartea oinarri materiala galtzen ari zen, beste buru eta gorputz horiek ere selfietan agertzea aldarrikatzen ari baitziren aspaldidanik. Zure telefonoaren kamara ez zen gai izan aldaketa latente hura atzitzeko. Edo bai, azaltzen zen herabeki, baina zu ez zinen gai hautemateko. Bizi omen zinen demokrazia liberalaren eta ongizatearen jendarte hura irudikeria erreala zen, iraganeko selfien atzealdean agertzen zen irudikatutako errealitatea bezala. Bizi-eredu pribilegiatu hura ez zen betirako iraungo, eta amaitu da. Klase ertainekoa izatearen gezurkeria lasaigarri hura ere desegin da.
Batzuk amildegitik behera joan dira selfierik onena lortzeko atzera gehiegi eginda. Beren telefonoan zegoen azken argazkian irribarre zabal inozoarekin ikusten zitzaien, atzean osina liluragarria. Ez zuten garaiz buelta eman arriskuari aurre egiten saiatzeko.
Gorde kamara, buelta eman, amildegiaren ertzetik urrundu, orain arte bizitakoaren ilusiotik atera, eta begiratu etorkizunera. Datorrena ez da selfietan kabitzen. Datorrenak angeluhandia behar du, eta kontziente eta prestatuta egotea exijitzen du.
Ez galdu irribarrea, baina adi!
Iñaki Etaio
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!