Trans* Legea hizpide, genero teknologien abolizioa helburu
Trans* legea izan da azkenaldian gure jendartean pil-pilean egon den gai bat, baino lege hau ez da twitterreko ping-pong partidetarako aitzakia. Lege honen inguruko eztabaidan hortzak erakusten ari den mugimendu erreakzionarioak gure komunitatearen autodefentsa mekanismoak indartzera behartu gaitu. Kide asko kalea zapaltzearen beldurrez bizi dira/gara, erasoen beldurrez, bazterketaren mehatxuaz, egoera prekarioetan bizitzera kondenatuak, gure zaurgarritasunean biluztera. Horregatik, autodefentsarako apustua ezinbestekoa deritzogu, komunitatearen autodefentsa. Garbi ikus dezakegu sareetako eztabaidak oso era dikotomikoan gertatzen ari direla, gehiegizko sinplifikazioa eta errealitate ezberdinen ezjakintasunak markatuta, eta ez dutela tokiko errealitatea jasotzen. Zentzu horretan, borroka kokatuak izan ordez, sareetan testuingururik gabe egiten diren adierazpen likidoak dira. Twitter bidezko eztabaida gisa ulertzen al dugu egun aktibismoa? Eremu digitalean borrokak deskontestualizatu eta desfasatu egiten dira.
B.A.L.A.ko kideok garbi dugu sareak ez direla gure gudu zelai, beren erabilgarritasuna baztertzen ez dugun arren. Era berean, legedia ere ez da gure militantzia-esparrua. Agerikoa da Estatua eta bere lege zein instituzioak direla gure gizarteko genero-teknologien produzitzaile nagusietarikoak. Beraz, gure disidentzia instituzio hauen aboliziora orientatuta dago halabeharrez. Noski, bazterretik eta autodefentsan nahiz biziraupenean, zapalduok legearen zirrikituak bilatzea estrategia legitimoa da, instituzioek gugan eragiten duten indarkeria murriztea bezalaxe. Baina komeni da ez ahaztea araua bera dela indarkeria sortu eta iraunarazten duena.
Hau da, ez dugu legedia arauaren baitan egotea lortzeko tresna bezala ulertzen, ez dugu legea behar normalak izateko, normalitatea haustea delako gure apustua; berria zein zaharra, mekanismo bera baita kapitalismoaren eta ongizate estatuaren tolerantzia fiktizioaren onespenaren menpe mantentzen gaituena.
Azpimarratu beharra dugu oso modu agerian faxismoaren aurpegi ezberdinak indarra hartzen doazela azken urteotan, kategoria esentzialisten defentsa izanik haien posizionamendu esanguratsuenetako bat. Eta bertan, kategoria esentzialista hauen defentsan, sortzen dira sinergia espazioak bestelako mugimendu erreakzionarioekin, bertan elkartuz egungo adierazpen ezberdinak: TERF-ak, abolizionistak…
Ezin dugu ukatu generoa baldintza material indartsua dela, eta horrek behar duen aitortza eta borroka gure gain hartu behar dugula egungo eremu politikoetan, betiere ulertuz generoa ez dela zerbait esentziala, interesen araberako kategoria bazik; ekonomikoa eta soziala, historikoki aldakorra eta testuinguru kultural jakinetan garatua. Beraz, ez dugu emakumetasun esentzialaren existentzian sinisten, ez bada eraikuntza soziala, logika heterosexual eta kapitalistaren produktu gisa ulertzen. Hau da, ez dago ezer emakume guztiak batzen gaituen/dituena. Ez dago oinarri komun unibertsalik borrokarako, eta ez da gure asmoa hura bilatzen denbora gehiagorik galtzea. Erasotzen gaituenaren aurrean aliantzak sortzean eta baldintza material zehatzei begira antolatzean topatzen ditugu gure borroka kideak.
Emakume kategoria ideia esentzialistetara mugatzean, non geratzen da Simone de Beauvoir-en “emakumea egin egiten da” lema indartsua? Non, Transfeminismoak Euskal Herrian izan duen bilakaera eta indarra? Eta Mugimendu Feministan ematen diren subjektuaren inguruko eztabaidak?
Esan bezala, gure estrategia estatuaren eta bere arauen abolizioa bilatu eta praktikatzen duten borroken lerroan kokatzen dugu, genero teknologien leherketan; eskubideen eztabaidak zentzua izan dezan zapalkuntza-egiturak zalantzan jartzea eta arrakalatzea ekarri behar du. Gure estrategian beraz, jazarpen eta erasoek agerian utzi duten bezala, proiektu politiko eta sare bat eraikitzearen beharrean berresten gara. Bai prekarizazioari aurre egiteko, baino baita ere gure identitateak guztiz eraikitzen dituen kultura burgesak bakartasunera bultzatu gaituelako, geure burua ukatzera, ez maitatzera. Irainen birjabetzetik eta estrategia kolektiboetatik ekin nahi dugu, autopertzepzio singularrak askatzaileak izan daitezkeelako baino estrategia beti izan behar delako kolektiboa, bestela politiko-estrategikoki antzua, menpekoa, desboteretzailea, arrotzak zaizkigun interesen mesedetan alferrik galdua den leku batera eraman gaitzakeelako. Sexu-genero disidentzia praktikatzen dugunok irainetik eraiki eta erabiltzen ditugun identitateak zaintzak erdigunean kokatzen dituzten posizio erradikaltzat ulertzen ditugu, harreman sozial, afektibo eta ekonomiko guztiak hankaz gora jartzeko potentziala dutenak.
Genero-teknologiak irauli eta esanahi berri bat bilatze horrek, mintzen gaituen sistema ukatu eta hau suntsitzeko borrokatzera garamatza. Horregatik, bollera identitateak dakarren kolektibotasunak gaur egungo sistemari kritika integrala egiten dio, eta hau iraultzeko tresna bezala ulertzen dugu. Identitate disidenteak komunitate bat dakar bere baitan, laguntasunaren eta harreman horizontalak eraikitzeko borroka; transfeminismotik, klase ikuspegitik eta antiarrazismotik antolatu daitekeen harreman eredua eta kolektibitatea da.
Proiektu horrek sistema arrakalatzeko gaitasuna du; estatu logiketatik haratago gure posizioan sendotu eta babestuko gaituzten sareak sortzea eta indartzea lehenesten dugu, finean, bizitzak sostengatzeko eta gozatzeko matxinada.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!