Selektibitatea jo puntuan: ikasle ohi bat
Liburutegian nago eta burua altxatzean itxuraz ni baino gazteagoak diren ikasleak ikusi ditut. Normalean jende helduagoa egoten da hemen, baina ondokoak hizketan entzuterakoan konturatu naiz. Selektibitatea dator eta niri ere selektibitate garaia gogora etorri zait.
Ikasleok ordu mordoa ematen genituen liburuen aurrean, gutxi ikasi baina datu mordoa irensten. Lehenengo urteaz geroztik irakasleek behin eta berriro gogoratzen ziguten selektibitatea gertu genuela, mehatxu moduan gogoratu ere. Eta horrela igaro nituen bi urte gogaikarri horiek, liburu amaigabeen artean, urduri.
16 urterekin ez nuen nire burua karrera bat aukeratzeko moduko heldutasunarekin ikusten. Mila kontu nituen buruan eta zaila zitzaidan horien artean etorkizunera begira jartzea. Pisuzko erabakia da zer ikasi hautatzea hainbeste aukeren artean eta familiak eta irakasleek lan mundura begiratzeko esaten zidaten, ea zein karrerak eskaintzen zituen lanerako baldintza hobeak. Egoera hartan nahiaren eta beharraren arteko tentsioa sortu zitzaidan, eta gaur egun oraindik ez dakit zeini egin nion jaramon.
Neurri batean gaztaroko etapa hori zapuztu zidan, eta orain beste begirada batekin ikusita, selektibitatea helburu zuen batxilergoaren okerrena gaztetako beste ezinegon batzuk mugatu zizkidala izan zen. Urte horietan ezinezko nuen militantzia aktibo bat izatea, eta akaso, hau da gazteria herri mugimenduan gero eta beranduago murgiltzearen arrazoietako bat.
Hori guztia eman zidan selektibitateak; urduritasuna, presioa, afizioak alboratzea, segurtasunik eza eta beste hamaika izenondo hezkuntza sistema batek eman beharko ez lituzkeenak.
Ezin dut esan esperientzia hartatik ikasi ez nuenik, zerbait ikasi bainuen. Ikasi nuen azterketa batek ezin duela ikasle bat era horretan baldintzatu, ikasi nuen ere sistema ez dela nor ni eta nire inguruko ikaskide denak horrela sentiarazteko eta nota batek ez ninduela argiagoa edo motzagoa bilakatuko. Selektibitatean nota ona atera nuen, ez dut ezkutatuko. Eta momentu horretan oso harro sentitu nintzen, azterketa hura garaitu izan banu bezala. Jendeak zoriondu egin ninduen eta nire harrotasuna handituz zihoan. Baina orain, behin denboraz hausnartuta, ez da harro egoteko modukoa. Sistemaren helburua bete nuen eta, garaile bakarra selektibitatea bera izan zen, ez ni eta ez beste inor.
Bozgorailutik datorren hots batek liburu artera itzularazi nau. Ordua dut etxera joateko. Agian zerbait hartzeko norbaiten bila hasiko naiz. Ez hobeto ez, azterketa garaia dut unibertsitatean. Orduan, apunteak jaso bitartean konturatu naiz nire bizitza ez dela hainbeste aldatu, eta urte batzuk pasa diren arren azterketa batzuk gainditzeko ikasten jarraitzen dudala. Baina bueno, horrelakoa da bizitza, karrera atera behar dut, lana bilatu…
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!