Pintaden biktimismoa
Bazen behin pintada txiki bat horma batean, monokromatikoa, korrika eta presaka eginda. Hain apala eta originaltasun gutxikoa izanda, oinezko gutxi batzuen begirada azkarra baino ez zuen espero, hormetako mezuen aurrean oinezko gehienen indiferentziaren jakitun. Izan ere, beste pintada askoren artean zegoen, bera baino askoz nabarmenagoak. Baina, bere umiltasunetik izar mediatiko bihurtu zen laster, albistegietan lehenengo berria eta egunkarien portadetan.
Pintada horrek zeozer entzunda zeukan beste pintada bati buruz, urrunegi ez zegoen herri bateko ipuin baten protagonista. Bera bezain monokromatikoa zen pintada hura, baina askoz txikiagoa. Enparantzako hesiak baino glamour gutxiago zeukan pilen edukiontzi batean zegoen, errotulagailuz idatzita, eta, gainera, 4 hizki baino ez zuen! Hala ere, oso ospetsua egin zen pintada hura ere, interbentzio poliziala eta ondorengo istiluak lekuko. Hedabideek eta politikari profesionalen adierazpenek bestela sekula lortuko ez zuen sona eman zioten.
Pintadak han, pintadak hemen, munduko gatazka askoren ezaugarriak dira. Eta, nola ez, nazionalki eta sozialki zapaldua den Euskal Herriak ere pintada ugariren erakusleihoa izaten jarraitzen du. Askori ez gustatu arren, pintadak gure kaleetako ondarea direla ebidentea da, ondare material eta ez materialaren erbididean, nahiz eta udal zentsuratzaile asko adierazpen horiek selektiboki desagerrarazten saiatu. Guztiok ikusi dugu hainbat herritan pintada batzuek hilabeteak edo urteak dirautela, eta beste pintada batzuk, hainbat aldarrikapenen inguruan, zentsuratzaileen esku exekutatzaileen margo monokromatikoaren azpian isilarazita geratzen direla, agertu eta hurrengo egunean. Beno, guztietan ez; batzuetan esku horiek pintadaren gainean beste koloreko trazu lodiagoak egiten baitituzte, azpiko mezua irakurgarri utziz. Jasangarritasunaren garai honetan, ahalik eta pintura-kantitate gutxien gastatzea baliabideak zentzuz erabiltzea da, bai…
Konbentzimendu osoz egina, txantxetan ala probokatzeko asmotan egina, ordenaren jendearen alarmak pizten dituzte pintadek, orokorrean, eta bereziki, pintada batzuek. Zenbait mezuk pertsona batzuk mindu ditzaketela ukaezina da, baina herri honetan pintaden biktimismoa gero eta presenteago dago azken boladan. Eragile batzuek, beren tesi eta kontakizun propioa intentzionalitate politiko argiarekin ezartzeko asmoz, edonork egin ahal izan duen pintada baten gainean berebiziko arreta jartzea biktimismoa hauspotzeko erabiltzen dutela nabaria da. Hainbeste esparru eta egoeratan hainbestetan ikusi dugu… Euskal preso politikoen aldeko sinbologia eta herri adierazpenen jazarpena dugu adibide argiena.
Biktimismo horren onuradunen klubera sartzen saiatzen direnen artean polizia eta beren arduradun politikoak ere baditugu. Beren indarkeriaren monopolioaren aurrean, pintadak bandalismo eta indarkeria omen dira. Esanahi ezberdinak izan ditzakeen A.C.A.B. sigla irakurtzeak samina handia sortzen omen die. Jendartea kontrolatu eta fitxatu, falangistak lagundu, ahoak eta begiak hautsi, edota mozal legea harropuzkeria eta diskrezionalitate osoz hainbeste hiritarri aplikatu ostean, sortutako kritika, salaketa, haserre eta gorrotoaren aurrean, biktimismoan babesten saiatzen dira borrero gehiegi. Inpunitatea nahikoa ez, eta biktimismoaz ere baliatu. Sionistek eskarmentu handia daukate biktimismoa erabiltzen, maila goreneraino eraman baitute. Haien krudelkeriaren aurrean edozein adierazpen mota antisemitismoa omen da. Horretan ere, sionistak eredu dira hemengo askorentzat. Blue lives matter-ren euskal bertsioa badugu hemen, sinbologia gorri-horiarekin apainduta.
Pintadak han, pintadak hemen, anonimotasunetik eginda eta beste esparru askotan agerian geratu diren bandera faltsuko erasoak ezagututa, ez al da gauzatuko margo faltsuko pintadaren bat biktimismoa elikatzeko eta beste modu batean lortuko ez litzatekeen oihartzuna izateko? Emaitza mediatikoa ikusita, benetan tentagarria izan daiteke…
Biktima asko daude gure herri honetan. Euskal Herria bera lehena, bere askatasuna eta erabakitzeko eskubidea urratuta mendeetan zehar. Biktima herri izaera ematen dion guztia: historia, hizkuntza, kultura, antolaketa propioa… Testuinguru horretan pairatutako indarkeria mota guztiak, agerikoak eta ez hain bistakoak, gaur egunera arte ere heltzen dira. Pintadak fase historiko baten aldarrikapen eta kontraesanen isla baino ez dira, inposatu nahi diguten normaltasun artifizialaren garbitasuna apurtzen duena. Anormaltasunaren sintomak.
Argi dagoena da nork ez dituen pintadak egiten: pintadak egiten dituztenak (edo egiten omen dituztenak) inpunitate osoz kriminalizatzeko medioak gidatzen dituenak, pintadetan jasotako mezuak azaltzeko bozgorailua inoiz jarriko ez duenak. Berak ez du kalera atera behar esprai, margo edo errotulagailuarekin bere mezua zabaltzera.
Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta pintada ager dadila herriko plazan.
Iñaki Etaio
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
