Pentsiodunak 52 hilabete mobilizatuta eta hilaren bukaerara ezin heldu!
Hala da, pentsiodunok 52 hilabete daramatzagu kalean pentsio publiko duinak aldarrikatzen. Zahartzaroan bizitzeko gutxieneko diru-sarrera bermatzea lehentasun soziala izan beharko luke administrazio publikoentzat. Hala ere, Euskadin 175.000 pentsionistek 750€ baino gutxiago kobratzen dute, eta horietatik lautik hiru, emakumeak dira. Izan ere, EAEn emakumeen batez besteko pentsioa gizonena baino %37 txikiagoa da.
Argi dago janaria, argia, gasa, ura, garraioa eta abarrak ordaindu behar direnean, 1080€ baino gutxiagorekin, ezin garela hil amaierara heldu.
Eta prezioek igo besterik ez dute egiten. Urtebetean modu kezkagarrian egin dute gora argindarrak, erregaiak, butanoak… Zer esanik ez janariak: olioak, esneak, arrozak, irinak, zerealak, eta abarrek. Apirilean %8,3koa izan da inflazioa eta, bien bitartean, pentsioak % 2,5 baino ez dira igo.
Beraz, 52 hilabete igaro ondoren, pentsiodunon mobilizazioak ez du etenik izango eta kalean jarraituko dugu astelehenero gure aldarrikapenak oihukatzen. Mobilizazioak egiteaz gain, azken hilabeteotan alderdi politikoekin bildu gara.
Hiru dira mahai gainean jarri dizkiegun eskaerak:
-Lehenengoa: Legebiltzarrak eta EAEko Gobernuak lehenbailehen har dezatela egungo gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan osatzeko erabakia. Eta, horretarako, beharrezkoa den aurrekontu-partida gaitzea. 1.080€, hamalau pagatan, Europako Gutun Sozialak dioen bezala. Horrek belaunaldi batekin egindako
bidegabekeria konpontzen du, bereziki emakumeekin, haiek baitira pentsio txikienak jasotzen dituztenak.
-Bigarrena: EAEko langileei eta pentsiodunei pentsio publiko duinak eta bidezkoak bermatzeko beharrezkoak diren neurriak onartzea. 52 hilabete daramatzagu kalean, borrokan, Pentsio Sistema Publikoaren alde.
-Hirugarrena: Euskal Herriko Mugimendu Pentsionistak Legebiltzarrean ponentzia bat sortzea proposatzen du pentsioen murrizketak eta mehatxu berriak bertan behera uzteko. Pentsiodunon errebindikazioak guztiz bidezkoak direla onartu behar da.
Nahiago nuke datozen 52 hilabeteetan kalera irtengo bagina, baina gure zaletasunez eta aisialdiaz gozatzeko, eta ez pertsona guztiontzako pentsio duinen aldeko borrokan jarraitzeko.
Ana Tere Diaz
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!