“Narrazioak” -Mikel Ayllon-
Demagun hau guztia ez zela egia. Edo ez, hobe: demagun dena gezurra zela. Demagun nire buruak asmatu duela dena, baita xehetasun txikiena ere. Hasieratik bukaeraraino. Eta zuek goitik behera sinetsi duzuela, nahiz eta han-hemenka ugariak izan diren dena asmazio hutsa zela erakusten zuten arrastoak, batzuk argiagoak, beste batzuk makurragoak. Hala ere, dena irenstea erabaki duzue. Ia beti baita erosoagoa belarriak irekita eta betazalak bilduta egotea.
Asmatutako etxe honek habe bakar baten beharra dauka: sinesgarritasuna. Gutxi axola dute hemen egiak eta gezurrak. Gakoa, noski, beste bat da: eraiki nahi dudan etxea logika onargarri baten arabera eraiki behar dut, logika hori bihurrietan bihurriena bada ere, ezagutzen dugun errealitatetik hurbil edo oso urrun badago ere. Nik etxe sinple bat marraztu dizuet, hiru logela, bainugela, egongela eta sukaldearekin. Eta bertan sartu ditut Telmo eta Labrit, nire pisukideak. Baina ariketa nahi beste konplika genezake.
Esate baterako, polizia etor liteke gure etxera eta aurki litzake sukaldeko trapu batzuk, bart hustu genituen freskagarrien kristalezko botilak, Telmoren intsentsua pizteko txiskero bat eta Labritek lantokitik lapurtu zuen gasolina bete txanbil txiki bat, aitona-amonen baserrira eramateko. Michel Saulaieren aipu apokrifoa eguneratuz esan genezake: “trapu abandonatu batzuk, kristalezko botila bi, txiskero bat, gasolina txanbil bat eta hamaika istorio asma ditzake poliziak”. Ez da egongo munduan polizia baino ipuin-kontalari oparo eta prestuagorik.
Narrazioek, baina, ia beti egiten dute kale leku nahiko antzeko batean. Begiak itxita ditugula, erraza da pertsonaiei kolore eta neurriak jartzea. Seguru zuetako askok ile horia pintatu diozuela Telmori, edo beltza bestela, eta sudur zabala, beso finak eta hanka luzeak. Edo alderantziz. Eta Labriti jarriko zenioten begi bat okerra, oinak txikiak eta atzamarrak laburrak. Zernahi eta nolanahi. Baina, erabat etsi ez baduzue, belarriak ondo irekita dituzuenez oraindik, arraro egingo zaizue, beharbada, haien ahotsik sekula aditu ez izana. Haien hitzei musika jartzen diena beti izatea ahots berbera. Nirea, kasu honetan.
Ahotsak egiten gaitu jende. Ohartu besterik ez dago inor ez dela desagertzen, hilda egon arren, bere ahotsa ahazten dugun arte.
Hortxe, beraz, engainuari iskin egiteko akabuko bidea: isilarazitako ahotsak entzutea. Edo, bestela, deus ez sinestea.
Demagun, hiru urte luze hauetan, ez naizela Telmo eta Labritekin konpartitutako pisu batean bizi izan. Demagun Labrit eta Telmo nire buru gaixoak sortutako bi alter ego besterik ez direla izan. Demagun nire etxea ez dela logela txiki bat besterik, beti zainduta egoten dena, eta burua despistatuta duten ni bezalako beste hainbat lagunekin bizi naizela hemen. Egunero jartzen garela koloretako pilulak jateko ilaran, eta gero, ia hitzik egin gabe ematen dugula egun osoa bazterren batean eserita, indarge, erdi-lo, barrurantz bilduta. Demagun, hasieratik gaztigatu nizuen moduan, hau zoroetxe bat besterik ez dela.
Eta demagun, azkenik, halako batean, kontatzen dizkiguten ipuin ezinezkoak bata bestearen atzetik irensteari uzten diogula. Kasu, ze igual, oharkabean, mundua aldatuko genuke.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!