“Mundua bere doinuez menperatuko duen hurrengo taldea” -Jon Basaguren-
Amorratzen nau ikusteak kide euskaldunez osaturiko gero eta talde edo musikari gehiagok erdararen bat erabiltzen dutela kantuei hitzak jartzerako orduan. Eta ez naiz taldeak eurak kritikatzen ari, hautu hori egitera eraman dituen egoera baizik.
Gogoan dut duela urte batzuk (eta orain ere badaude kasuak) kontrakoa gertatzen zela: euskara gehiegi menperatzen ez zutenek ere, ahalegina egiten zutela musika hizkuntza horretan emateko. Adibideak asko dira, eta jarri naiz pentsatzen zerk erakarrita jotzen den kasu horietan euskarara: konbikzioz? kultur-militantziagatik? erakargarri zaien eszena batean integratzeko nahiak bultzatuta agian. Arrazoi horien guztien nahasketagatik segur aski.
Orain berriz, iruditzen zait Euskal Herrian sortzen diren musika talde berriek ez dutela hizkuntza hautua horren argi, askok beste eszena batean nahi dutela integratuta sentitu. Agian izango da euskara estilo eta ibilbide jakin batzuekin lotzen dela orokorrean, eta transgresioa hain da nekeza.
Dena den, berriz diot, nik fokoa ez dut musikariongan jarri nahi, ezpada sakoneko arrazoian. Izan ere, modernismoari eta sasi-kosmopolitismoari jarraiki, Basque Culinary Center, San Sebastian Film Festival edo Bilbao Exhibition Center gixako izenak jartzen ditugun garaiotan, nola sinetsarazi euren lehenengo kantuei hitza jartzear dauden horiei mundua bere doinuez menperatuko duen hurrengo taldeak euskaraz egin dezakeela?
Jon Basaguren
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!