Lehertzera goaz!
Entzun nion behin bati Covid-a ezin dela denetarako aitzakia bihurtu.
Ahaztu zaigu jada, baina sasoi batean aire libreko merkatuak debekatzen saiatu ziren, gerora jakin dugu zigortzen gaituen izurriteari aurre egiteko aire libreko jarduerak seguruenak direla, hala eta guztiz be inork ez da egin okerreko erabaki horren arduradun.
Ahaztu zaigu jada, baina orain ez asko baskongadetako osasun arduradun nagusia harrapatu zuten gezurretan, non eta hiru probintzietako parlamentu horretan, ez behin, baizik eta bitan. Ardurarik ez.
Bizi bizi dugu oraindik, baina berehala ahaztuko dugu, polizia autonomikoaren arduraduna gezurretan ibili da bere parlamentu berean. Erantzukizunik? Bai, gazte antolakunde baten aurkako prozesu judiziala abiatuko dute.
Tubacex-ek botatako hordagoa gaur betetzen du epemuga, jakingo dugu behingoz atzerrira eramango baduten ekoizpena. Jaurlaritza Itzarri Pentsio Fondoaren bitartez enpresa horren laugarren akziodun handiena da, gobernuko kontseilari ohi bat Administrazio Kontseiluko partaidea da, eta oraingoko beste kontseilari bat egun batean bai hurrengoan bere patronalaren erabakien alde lerrokatzen da. Hurrengo Administrazio Kontseilurako bere aulkia lantzen ziurrenik.
Baserritarron bizi baldintzak gero eta prekarioagoak dira, elikagai ekologikoak eta iraunkortasuna sistema berdineko B aldea bihurtu duten honetan, covid-19 a suposatu duen tunel honen bukaera igartzen hasi besterik ez badugu ere, ahaztu zaigu jada iazko martxoan jorratzen genuen esentzialtasun hori eta hurrengoaren zain egotea besterik ez zaigu gelditzen orain.
Pentsiodunek kalean daude ostera be, kalean egon beharko ginenak etorkizuneko litekezko pentsiodunek bagara ere, gazteenek pairatzen dituzten lan baldintzak are eta okerragoak dira egunetik egunera, eta eurek nagusitzen doazen heinean lan baldintzak kaskar hauek beraiekin batera hazten dira, hainbat belaunaldiekin batera kronifikatu arte.
Aski da, Covid-a ez da denetarako aitzaki. Ekainaren bian Aiaraldean langile klasearen leherketa hasiko da. Urteetan metatu dugun amorrua alternatibarako erregai bihurtuko dugu, eta behar dugun sakoneko aldaketa honetan pertsona guztiak nahi ditugun lagun, ez dugu ahaztuko nortzuk izan diren gure egoeraren erantzule.
Iñaki Urkixo
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!