“Kanta zaharrak dioen bezala…” -Oier Azkarraga-
Nire txikitako garaietatik zerbait ondo gogoratzen badut, hori abestiak dira. Etxe abeslari batetan sortu nintzen nik, bazkarietan abesten duen horietako batetan, kantutegiak nonhai topatu daitezkeen etxe batetan. Gurasoak erdaldunak izanik ere, memoriaz zekizkiten abesti zahar horiek, euren gazte garaikoak, eta oso ongi jakin gabe zer zioten, abesten zituzten.
Borrokarako abestiak ziren, herria goratzen zuten, baita herrikideak ere, injustizia salatzen zuten, baina bereziki herri izan nahia adierazten ziguten. Guk gurasoen antzera ez genekien zer esan nahi zuten abesti horien letrak, baina kantatzen genituen, baita haiekin hamaika sentimendu atera ere.
Ahaztuta genituen hamaika sentimendu hain zuzen, urteak pasa ahala, eta herri honen alde, baina bereziki herri langilearen alde engaiatuz joan ahala, abesti horiek ahaztu eta berri batzuei ekin genien, garaikoagoak, gai sozialak tratatzen zituztenak, sistemarekiko gure nazka adierazi eta berri baten alde borrokatzeko indarra ematen zizkigutenak. Abesti zahar horiek memoriaren kutxan sartu genituen, betiko ez ordea.
Abesti horien letrak ongi gogoratzen ditut oraindik, gehiengoarena behintzat, eta noizean behin, horietako batenbat kantatzen hasten naiz egoera batetan edo bestean. Azkenaldian ordea, guzti horiek, lehenengo planora bueltatu zaizkit, hemen nire ondoan daude, lehen azalerazten zituzten sentimendu guzti guztiak berriro ere gaurkotasuna hartzen doaz nire baitan.
“Abertzale izanez gero gaur, gauden denok anai!” Zioen horietakoren bat, ez ditut kasi plazak igaro Pantxo eta Peioren abesti horiek entzunez, apenas! Gauden denok anai, ahizpa be gehituko nioke nik orain. Baina ideia da indarra duena. Ezberdintasunak alde batera utzi, aterako ditugu eta, eta goazen batzen gaituenari begiratzera, momentu batez baino ez bada ere.
Hori da Gure Esku Dago iniziatibak eta bereziki azken hilabeteotako herri galdeketek ekarri dutena. Esan beharra dut, iniziatiba honen berri izan nuen lehenengo aldian, mesfidati hartu nuela, guk horiekin? Nora eta nola? Denboraz ordea, Gure Eskuren iniziatiba potentea iruditzen zait, herritarrok gure eskubideak eskuetan hartu eta inoren zain egon gabea urrera urratsak ematea.
Larunbatean elkartuko gara, ezberdintasunak alde batetan utzirik, penak alde batetara utzita eta oso argi edukita gure herrian gertatzen ari diren injustizia guztiei aurre egitea ere, ere gure esku dagoela, gure esku dago euskal errepublika eraikitzea, gure esku falta ditugunak etxera ekartzea, gure eskuak elkarri lotuz aurrera egiteko. Galdera ikur koloretsu, eraikitzaile, desobedientea eraikitzeko, gaur eskuak ematen ditugulako eskubideak eskuratzeko, bihar kateak askatzeko emango ditugun bezala, goazen bada, Aurrera!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!