“Izan zirelako gara, garelako izango dira” -AmetsMtz. de Heredita-
Aste honetan bertan homosexualitatearen despenalizazioaren 40 urte bete dira. Gutako batzuentzat 40 urte bizitza oso bat da, gazteago direnentzat denbora asko, baina historiaren perspektibatik begiratuta 40 urte oso gutxi dira. Urteurrenez beteta datorkigu 2019. urtea, Francis trabestiaren erahilketak 40 urte beteko ditu ekainean, eta Stonewalleko iraultzak 50.
Duela aste batzuk, gure hiriko LGTB mugimenduaren 25 urteko ibilbidea azaltzen duen “Bide zuzena Ibilbide okerrak” dokumentala ikusteko aukera izan genuen. Azkenengo 25 urtetako ibilbidean zentratuta badago ere, dokumentalak 1979. urtera arte botatzen du atzera begirada.
Garai hartako ekintzaile baten ahotan azaltzen da “ley de vagos y maleantes” bezala ezagutzen zen legeari aurre egin behar ziotela. Haietako batzuk atxilotuak izan ziren eta gay askok espetxea ezagutu zuten, baita dispertsioa ere. Ustezko sexu jarrera pasiboa zutenak Badajoz-en espetxeratuak izaten ziren, ustezko sexu jarrera aktiboa zutenak aldiz, Huelva-n. Finean norberaren lumaren arabera egiten zituzten sailkapenak, luma asko zutenak pasibotzat hartuz eta lumarik ez zutenak aktibotzat. Espetxe hauetan homosexualitatea sendatzeko terapiak erabiltzen zituzten, lobotomiak eta elektroshock-ak adibidez.
Lesbianak ez ziren existitzen, eta existentzia eza izan zen zigorrik handiena.
Testuinguru horretan hainbat ekintzaile antolatzen hasi ziren eta 1977.urtean Bartzelonan egin zuten lehenengo mobilizazioa. Amnistia eta LGTB taldeen legeztapenak eskatzen zituzten, homosexualitatearen legeztapenarekin batera. Gaur egun ikusgarritasunaren borrokak indarrean jarraitzen du, aipatzen ez dena ez delako existitzen, eta sexu eta genero aniztasuna errealitate bat da.
Egoera honetan gure aitzindariek zenbat eta zenbat sufritu behar izan zuten datorkit burura, zenbat sufritu eta zenbat borroka egin zuten gaur ezagutzen ditugun baldintzak sortzeko.
Ez, ez dago dena lortuta. Heteropatriarkatuaren atzaparrak gure bizitzak eta bizipenak harrapatuta ditu. Homofobia, lesbofobia eta transfobiari etengabe aurre egin behar izaten diogu, trans pertsonek egunero pairatu behar izaten dituzten bazterketak alarma gorri guztiak piztu behar ditu, eskoletako sexu edo genero aniztasunarekin zerikusia duen bullina …. etab. Finean heteroarautik kanpo bizitzea etengabeko borroka bat da momentu orotan, gure bizitzako fasea edozein dela ere.
Azkenaldian, kezka bat datorkit burura, duela 40 urte LGTB borroka piztu zutenen aitortzearekin zerikusia duena. Azkenengo urteetan asko aldatu da LGTB pertsonen errealitate soziala eta gaur egungo ikusgarritasunak ez dauka duela hamar urte izan genuenarekin zerikusirik. Egun geureganatu ditugun eskubide askok hamarkada eskasa daramatzate indarrean. Eta asko dago egiteke oraindik.
Noizean behin, nire adineko batzuk, gay giroko zenbait espazioetaz ari garenean, “Zaharrak daude bakarrik” esaten entzuten ditut. Zahar horiek dira gaur disfrutatzen ditugun eskubideak eta baldintza hobeagoak lortu zituztenak. Zahar horiei esker piztu zen Stonewallen iraultza. Zahar horiei esker hasi zen gay mugimendua antolatzen. Lortu den guztia ez delako sistemaren opari bat izan, zahar guzti horien borrokaren ondorioa baizik.
Gaur egungo zahar horiek antolatzen jarraitzen dute. Beraien kezka zahartzean izango dituzten baldintzak dira, zahar etxeetan ez dutelako berriz armairua ezagutu nahi, ez dutelako bakarrik egon nahi, eta beraz zahartzaroan ere aniztasuna bermatzeko borrokan jarraitzen dute.
LGTB mugimenduak etxe barruko fobiei aurre egin behar dion bezala, lumafobia edo lodifobia kasu, etxe barruko gerontofobiari ere erreparatu beharko dio. Izan zirelako garelako, eta garelako izango direlako.
Amets Martinez de Heredita
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!