[Iritzia] “Krask” -Alaitz Andreu-
Tipulina txikitzen ari nintzela, XXI. mendean gaudela esan zidan lagun batek, ez dagoela horretarako (berdin du zertarako) eskubiderik, hirugarren mundukoa dirudiela gertakizun horrek. Tercermundista dela.
Isilik geratu nintzen, baina tomatea txikitzeari ekin nionean galdetu nion, lasai, ea zer duen XXI. mendeak XIX.ak ez duenik; ea XXI. mendea eta hirugarren mundu deitzen dion hori bateraezinak ote diren, ea balizko hirugarren mundu horretan ez al dauden XXI. mendean; ea zergatik uste duen hemen eta orain hain onartezina den hori hirugarren mundu deitzen dion horretan normala dela, eta, beraz, onargarria edo. Komentario xenofoboa eta klasista zela esan nion. Irainduta sentitu, eta alde egin zuen etxetik.
Irratia piztu nuen orduan; martxoaren 8a zen, afalordua. Bost minututan hamar bat aldiz entzun nuen oraindik hitza, eta iruditu zitzaidan oso lotuta daudela aldarrikapen feministak eta oraindik hitza. Galdera hau da, ordea: noiz eta non ez da hori gertatu?
Badakit berdintasun faltsuaren ideiaren aurkako argudioak emateko erabiltzen dela hainbestetan oraindik terminoa. Anestesiatuta edo zapalduta edo eroso dauden horien begi-belarriak ireki nahi ditugula. Nekatu egiten nau, ordea. Oraindik hitza desagerraraziko nuke diskurtso horietatik, eta aspalditik hitza sartu. Izan ere, ez gaude aspaldiko emakume haiek baino askoz ere hobeto, gure amonak baino askoz ere hobeto. Ez gaude Mexikon, Marokon edo Indian baino askoz ere hobeto. Heteropatriarkatuaren moldeak ezberdinak dira han-hemen; batzuetan gogorragoak, besteetan ikusezinagoak. Silikonazko titiak oso ikusgarriak izan arren.
Aguakatea zuritzen hasi nintzen, eta pentsatzen hasi guztion gunea omen den kalean zer gertatzen den. Eta ez naiz bortxaketez ari.
Emakume izendatu gaituztenok badakigu, ondo jakin ere, kaletik goazela, edozein tokitan eta edozein ordutan, baita goizeko 12:00etan ere, gure paseoa moztuko duen oihu bat bota diezaguketela. Oihua edo marmarra edo arnasestua. Badakigu hori gerta daitekeela, eta gertatu ere gertatzen zaigula, baina garrantzirik gabeko erasotzat hartzen delako susmoa daukat; are, emakume batzuek ez dute erasorik identifikatzen hor. Izan ere, gizonen gustukoak izateko eta haien zakilak xurgatzeko jaio gara.
Aguakatea tenedorearekin zapaltzen hasi nintzen, indarrez, ore homogeneoa sortu zen arte. Baliteke, aguakatea beharrean, beste zerbait eduki izana buruan. Bai, antzeko forma duen eta batzuei boterea ematen dien horretaz ari naiz.
Bada, kalean gertatzen diren ahozko eraso ustez garrantzirik gabeko horiek gizarte honen matxismoa erakusten dute; baliteke erakusgarri ohiko eta, aldi berean, nabarmenenetako bat izatea. Izugarria baita, lanera, supermerkatura edo tabernara noala, edo pasieran, gizonezko batek edo batzuek pentsatzea bere gozamenerako nagoela ni hor, oinez, minigona edo prakak soinean, burua nahi dudan tokian dudala, pozik, triste edo haserre, eta gizonezko horrek edo horiek nire hausnarra moztea, nire gorpuzkera eta janzkera epaitzea, nire arreta desbideratzea, nire gorputza erabiltzea eta ni neu zapaltzea. Horrelakoak gertatzen zaizkidanean, tentsioa sentitzen dut, giharrak tenkatzen zaizkit, txinpartadun fluxu moduko bat igotzen zait sabeletik gora, haserretu egiten naiz, baita urduritu ere, eta zer edo nola erantzun pentsatzen hasten naiz. Batzuetan, erantzun egiten diet, eta oldartu ere egiten zaizkit. Gehienetan, baina, ez dut ezer esaten. Batzuetan, ez dudalako nire tentsio-egoera areagotu nahi izaten, edo ez dudalako jasaten erantzun-beharra edukitze hori, eta, beste batzuetan, gizon hori edo horiek urrun egoten direlako erantzuna prestatzen dudanerako; urrun, pozik, boteretsu, emaztearenganako bidean jainko.
Horrek horrela gertatzen jarraitzen duen bitartean, matxismo basatienaren mende egongo gara, matxismoaren bene-benetako isla baitira eraso mota horiek. Gaur eta hemen.
Bada, horren inguruan pentsatzen ari nintzela, aurretik txikitutako tipulina eta tomatea bota nizkion tenedorearekin hain sutsu zapaldu nuen aguakate-oreari, eta gatz eta olio pixka bat erantsi. Guztia nahastu, eta tostada egin berrian zabaldu nuen. Krask, krask, krask.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!