Ikasturte amaieraren atarian…

Aurtengo ikasturtea, zalantzarik gabe, nire karrerako erronkarik handiena izan da eskola publikoan.
Lehen egunetik, irailaren 6tik, ikasle talde konplexu eta oso zail baten aurrean nengoela ikusi nuen. Ikasle horiek, lehen hezkuntzan beren etapa amaitzeko pauso batera egon arren, desmotibatuak eta deskonektatuak ziruditen. Berehala ohartu nintzen: aurten helburua ez zen horrenbeste ezagutzak ematea, baizik eta ingurune konplexu bati aurre egitea, ikasle horiek balioetan heztea, bizikidetza seguru eta baketsua sustatzea eta ahalik hobekien aurrera egitea bidean osasuna galdu gabe.
Urtea luzea izan da, latza eta ezintasuna nahiz bakardadea indar handiz presente egon dira. Maistra batentzat “gehiegizkoa” jardunaldi osoan, astean 22 saio gela horretan lanean aritzeko. Ez nau harritzen geroz eta irakasle gutxiagok nahi izatea tutore lanetan aritzea.
Nire ikasgelako errealitatea euskal gizartean dagoen segregazioaren isla da. Ikasle gehienak oso testuinguru sozioekonomiko eta kultural apaletatik datoz, eta horrek hezkuntza-prozesua zailtzen duten konplexutasun batzuk dakartza. Gainera, gaur egun sozializatzeko modua erabat aldatu da. Haur horietako asko telefono mugikor bat eskuan hazi da, eta horrek eragina izan du harreman sozial egokiak izateko duten gaitasunean, frustrazioa kudeatzeko eta elkarbizitza harmonikorako beharrezkoak diren mugetara egokitzeko…
Ikasturtea aurrera egin ahala, jokabide disruptiboekin eta motibazio faltarekin ez ezik, ikasteko gogoz eta oso borondate oneko ikasleak laguntzeko ezintasunarekin eta “matrikulazio biziaren” ondorioz beti irekita zegoen gela baten kudeaketarekin ere borrokan nengoela konturatu nintzen. Hamar hilabete ez dira alferrik pasatu, noski, nekearen ondorioz edo azkenean nolabait esateko irabazi ditudalako orain gelan giro hobea dago, haiengandik espero dena ulertzen hasi dira, nire begirada ere abegikorragoa da eta binkulua eraiki dugu; azkenean, lortu dugu, orain lanean has gaitezke, baina denbora agortu zaigu. Asko esperotako udaren etorrerak hutsune bat uzten dit: ezin izan ditut entrenatu bere garapen akademikorako hain erabakigarriak diren ikasteko ohitura horiek.
Sekulako hostia txarrean jartzen naiz eskola publikoan bizi dugun egoerarekin. Eskola publikoa da benetan inklusiboa den aukera bakarra, berdintasun-zubiak eraikitzen dira bertan, gizarte bidezkoago baten oinarriak jarri. Ezbeharrak gorabehera, desberdintasun sozialak konpentsatzen dituen lekua da, askotariko ikasleak hartzen ditu, hezkuntza-premia bereziei aurre egiten dietenak barne. Baina nabarmena da hezkuntza-politikei buruz erabakitzen dutenek ez dutela behar bezala ezagutzen errealitate hori eta ezagututa ere haiei bost, komunikabideetan kontrakoa saldu arren. Askok beren seme-alabentzako itundutako eskola pribatuak aukeratzen dituzte, eta eskola publikoa, baloratuena izan beharko lukeena, bigarren maila batean uzten dute. Gure gobernariek eta klase politikoak orokorrean ez dute eskola publikoa estimatzen. Ez dute bere alde apostu egiten, eredu eman beharko lukete eta bertan matrikulatu haien seme-alabak, lehenik haiengandik hasi. Baina oso ongi datorkie bereizkeria hori eskola publikoan metatzea, denak berdin jarraitzeko. Beraz, poliki-poliki azken hamarkadetan aplikatu dituzten hezkuntza politika merkantilistek eta interesatuek eskola publikoarekiko estigma indartu dute. Horrela, familia askok, batez ere bertakoek edo erosteko ahalmen handiagoa dutenek, seme-alabak publikoan matrikulatzea saihesten dute, merezi duten hezkuntza jasoko ez duten beldurrez, amaierarik gabeko sorgin gurpila sortuz.
Laster instituturako bideari ekingo dioten ikasle talde honi agur esatean, sentimendu kontrajarriez beterik sentitzen naiz. Eskola publikoa gure kaleen eta komunitateen isla da, eta gure erantzukizuna da guztiontzako aukera-leku izaten jarraituko duela ziurtatzea. Urte zaila utzi dut atzean, baina baita ikaskuntzaz betea ere. Eskola publikoa da oraindik aukerarik onena, erronkak erronka. Itxaropenerako eta aldaketarako espazioa da, eta nahiz eta bidea gogorra izan, ziur nago bere alde egindako ahalegin bakoitzak balio duela. Izan ere, azkenean, hezkuntza guztion eskubidea da, eta eskola publikoa da eskubide hori bermatzeko tokia.
Ainhoa Astigarraga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!