Helmuga duen tranbia
Beharbada, izango da norbait nire gaurko solasaldi honen izenburua entzutean Marlon Brandok lan egiten zuen film ospetsuaz gogoratuko dena. Ez du zer iksurik, nahiz eta tranbiaz (Gasteizkoaz) eta aspaldiko neure desio batez jardungo dudan.
Biziki gustuko dudan Gasteizko tranbia berde lasaiak atsegin bat baino gehiago eman izan dit eta espero dut luzaroan hala segitzea. Hala ere, tranbia hartzen nuen bakoitzean banuen, aspalditik, buruan bueltaka, hegan bezala, galde ikur bat. Burmuineraino sartuak ditudan megafoniako mezuek, mezu batek bereziki, neure onetik ateratzen ninduen eta kezkatzen. Gaur horretaz hitz egiteko asmoa nuen.
Bai, horretaz hitz egiteko asmoa nuen gaur, baina, badaezpada ere, nire memoriak hutsik egiten ez zidala ziurtatu nahi nuen, ezer esaten eta salatzen hasi aurretik. Neure tranbia maitean bueltatxo bat egin nuen atzo, eta nire harridura eta larridurarako, eta pozerako ere bai, zergatik ez, zenbait gauza aldatu direla ohartu naiz: megafonia pixka bat murriztu dela esango nuke eta bereziki nik luzaroan salagarri ikusten nuen portaera bat ere zuzendu egin dela iruditu zait, norbaitek nire pentsamentua irakurri balu bezala. Izan ere, atzo arratsaldean tranbian egin nuen neure bidaiatxoan, lehen hain amorragarri egiten zitzaizkidan megafoniako mezurik jadanik ez dut entzun ia: Ibaiondo // helmuga duen tranbia edo Abetxuko // helmuga duen tranbia bezalakorik ez nuen entzun. Hain zuzen, nire haserrea pizten zuten testuak horiexek ziren. Ezabatu egin dituzte.Agian konturatu dira, hainbeste urte pasatu eta gero, Tranbia honek Ibaiondo du helmuga bezalako bat zuzena eta ohikoa izan arren, hemendik Ibaiondo (etena) helmuga duen tranbia erakartzea ez dela hain bidezko, galdegaia eta perpaus erlatiboa elkarrekin lehian dabiltzalako edo. Horregatik, perpausa zuzena eta komunikazioaren aldetik belekoa izatea nahi badugu, perpausari buelta eman behar zaio eta modu sotil eta sinplean honela eman: tranbia honen helmuga: Ibaiondo, hurrengo geltokia: Lovaina bezalaxe.
Nire asmoa zen hainbesteko belarriko mina ematen zidan prosodia horri (Ibaiondo// helmuga duen tranbia) konponbidea ematea. Hori dela eta, trenaren bidea luzatzeko obrak amaitzear direlarik, eta geltoki berrien iragarpenak ere gehitu egin beharko direla aitzakia hartuta, nire proposamen eraikitzailea egin nahi nuen. Hori dela eta, pentsatua neukan Euskotreneko arduradunei eskatzea geltoki, helmuga, lotune eta abar berriei leku egin beharko zaienez, megafonia ere aldatzea eta zuzendu beharrekoak zuzentzea.
Baina nire planak aldatu behar. Aurrea hartu didate nonbait tranbia arduradunek. Baina behin honez gero, beste zerbaitez hitz egiten hasi beharrean, nola edo hala konpontzea erabaki dut. Eta hemen nauzue. Isilik ezin egon. Zeren detektatu dut beste akats bat behintzat, oraindik ere zuzenketa eskatzen duena. Eta behin honetaz hasiz gero, dena konpontzen saiatzea ongi legoke.
Hau enpresari: “Hurrengo geltokia // Honduras. Abetxuko // linearekin lotunea”. Horrelako zerbait entzun dudala uste dut. Hortaz, behin zuzentzen hasiz gero, eta txalotzekoa da, etenak egin behar diren lekuan egin behar dira: Hurrengo geltokia/ Honduras bale, baina ondoren: Abetxuko linearekin/ lotunea. Ez, Abetxuko / linearekin lotunea. [Abetxuko linearekin] atal prosodiko bakarra litzateke. Eta megafoniako ahotsak hori errespetatu behar luke, nire ustez.
Jakina: norbaitek uste izan dezake holako fintasunak gehiegizkoak direla. ¿Qué más da? esango dizute agian. Holakoak maiz salatzen dira telebista eta irratietako esatarien ahotan entzuten ditugunean. Askotan esaldiaren zenbait atali enfasi berezia eman nahiak holakoak sortarazten ditu. Gaztelaniaz ere bai. Hortaz, prosodiari egiten zaion baino kasu gehiago egin behar litzaiokeela uste dut. Zuzentasunarekin zerikusia duten kontuak badira hor eta hizkuntzaren kalitatea zaindu beharrekoa da. Ez da mania kontua. Zerbitzu publikoa eskaintzen duten erakundeek diruaren erabilera zuhurra bermatu behar dute eta zerbitzua euskara duinean eskaintzeko obligazioa dute kalitate-kontrol zorrotzak ezarriz. Badaezpadako prosodia edo sintaxirik ez. Hiztunei zor zaie horrenbeste.
Patxi Goenaga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!