Gorputzak dio
Gorputzak dio: Aurrera!
Gorputzak dio: Geldi!
Gorputzak dio: Adi!
Buruak dio: Zer?
Buruak dio: Zertarako?
Buruak dio: Agian beste bide bat dago…
Buruak ez du gorputzaren hizkuntza ulertzen eta gorputzari ez zaizkio buruaren korapiloak axola eta zoritxarrez auto berdina konpartitzen dute bizitza oso batez. Haien elkarrizketak zoroenetatik zoroenak dira. Zoritxarrez batak bestearen beharra du eta biak batera erritmo azkarregira doaz.
Uda iritsi da, eta geldi egoteko beharra zaplazteko bortitz bat bezala datorkit. Urtero gertatzen zait. Bada une bat non geldi egon behar garen, atsedena hartu, burua eta gorputza galdu. Nire kasuan, lesio batekin heldu zait eta ezinbestekoa izan zait gelditzea.Ohartu naiz (ezer berririk ez laztana), gauza gehiegi egin nahi dudala eta korrika ibiltzeak, askotan, plazerra ematen didala. Okupaturik egotea, denbora betetzea, ez aspertzea…Gutxi dakit aspertzeari buruz.Gehiago jakin nahiko nuke diziplina madarikatu horri buruz, gizartean hain gaizki ikusia dagoen egoera fisiko eta mental honi buruz: asperdura.
Pertsona efektiboak, aktiboak, konpetitiboak, erabilgarriak, konpontzaileak, soziableak behar dira mundua aurrera eramateko, eta gero, arduradun egiten gaituzte klima aldaketagatik! Aizu, agian guztiok martxa aldatuko bagenu, munduaren abiadura ere aldatuko litzateke. Aspertzea gorputza zaintzea da. Gorputza zaintzea mundua zaintzea da beraz, aspertu gaitezen mundua salbatu arte!
Eta, nola ikasi? Egia esan ez dakit. Uste dut, aspertzeko ohitura hartu behar dugula. Ohituraren inguruan hainbat ikerketa daude. Ohikoena eta itxaropentsuena 50ko hamarkadanMaxwell Maltz kirurgialari plastikoak esan zuena da. Bere hitzetan ohitura bat hartzeko behar den gutxieneko denbora 21 egun dira. Hori zen bere pazienteek behar zuten denbora aldaketa fisiko berriak ohiko bihurtzeko. Jakina, teoria hori deuseztatu duten hainbat teoria gehiago jaio izan dira azken 70 urteetan, zientziak horrela jokatzen baitu. Demagun teoria hori egia dela, asperduraren ohitura hartzeko 21 egun baino ez dugula behar. Egin dezagun froga, 21 egunez ordu batez aspertu, benetan aspertu, gorputza abandonatu, burua abandonatu, ezerezean galdu. Ez du balio siesta botatzea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!