Ez-lekuak
Ez-lekuaren kontzeptua Marc Augé filosofoak asmatua da, espazio geografikoan identitaterik, historiarik eta gizarte-loturarik gabeko lekuei egiten die erreferentzia. Adibidez, gune komertzial erraldoiak, edo aireportuak ez-lekuak izan daitezke. Inorenak ez diren lekuak, alegia; ez-leku horietan ez baita partaidetza sentimendurik sortzen. Hori guztia oso baliagarria da boterearentzat, eta horregatik bultzatzen ditu gizarte kapitalistak ez lekuak.
Horren ildoan, duela denboratxo bat, Filmin-en Jane Jacobs aktibista estatubatuarrari buruzko dokumental bat ikusi nuen. “Citizen jane, hiriaren aldeko bataila” du izena, eta eta hiri-espazioek komunitatearentzat duten garrantzia ikusarazteko egin zuen lanaz hitz egiten du. Laburbilduz, zein garrantzitsua den hiri bat ondo antolatua izatea, ez-leku bat bihur ez dadin.
Janei hiriko kaleak gustatzen zitzaizkion. Bere ustez, hiriko kaleak jendetsuak izan behar dira, eta inguruko etxebizitzek haiei begira egon behar dute, besteak beste, kontenplazio-guneak ere badirelako.
Hala dio:
Beste gizaki batzuen kontenplazioak gizakiengan duen erakargarritasuna, bitxia badirudi ere, hirigileek eta arkitektoek ezagutzen ez duten gertaera da. Baina egia da. Bizirik dagoen kale batek erabiltzaileak eta begiraleak ditu aldi berean.
Zerk ematen dio bizitza kaleari?
Bere ustez, Kalearen funtzionamendu ona oinezkoen artean sortzen den nolabaiteko elkartasun-sentimendu inkontzientearekin lotuta dago. Bada sentimendu hori izendatzen duen hitz bat: konfiantza. Kalean, kontaktu ñimiño batzuen bidez ezartzen da konfiantza, eta kalea bera da kontaktu horien eszenatokia. Izan ere, batzuk eta besteak tabernan garagardo bat hartzeko gelditzen dira, janari-dendariari edo egunkari-saltzaileari iritzia eskatzen diote, beste bezero batzuekin inpresioak aldatzen dituzte okindegian, garagardoa hartzen duten mutil batzuk agurtzen dituzte, haurrei errieta egiten diete, jaioberriak miresten dituzte…
Ekintza eta hitz horietako gehienak nabarmenki hutsalak dira, baina haien batuketa ez. Auzo-mailan, kontaktu publiko eta ustekabekoen multzoak, normalean bat-batekoak, nortasun kolektiboaren sentimendua sortzen du biztanleen artean, eta, azkenean, errespetu eta konfiantza-giro hori ezartzen da. Hondamena dakarkio kale bati harreman hauen absentziak; baina, aldi berean, kale bizitzaren bilaketa ezin da instituzionalizatu.
Hori zioen Jane Jacobsek duela urte asko. Gaur egun, gure kaleak, gure hiriak, tamalez, ez-leku bihurtzen ari dira, gune komertzial handi eta triste bat, beste edozein hiritan kalea okupatzen duten frankiziek okupatua, edo, okerrago, lokal itxien zerrenda luzeak dituzten kalez beteta.
Kale hilek ezagutzen genituen lekuak itsutzen dituzte, auzoak hiltzen dituzte, eta ez-leku bihurtzen dituzte hiriak. Eta inork ez du ez-lekuetan bizi nahi, ez-leku batean bizitzeak inongoa ez esan nahi duelako. Ez dago ez-lekutarrik. Eta, arrazoi horregatik beragatik ez ditu inork ez-lekuak zaintzen. Eta hau da, nire ustez, gaur egungo hainbat arazoren hazia.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!