Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen II. Asanblada
Azaroaren 18an, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen II. Asanblada egingo da.
I. batzarra Bilbon egin zen iaz. Orduan, leloa zen GURE ESKUBIDEEN DEFENTSAREN ALDE.
Dudarik gabe, I. Batzarra bultzada handia izan zen emakumeok pentsiodunen borrokan jarraitzeko.
Orain iritsi zaigu II. Batzarra egiteko unea. Aurtengo leloa “ Soldatetan eta pentsioetan prekaritaterik ez” izango da eta 4 hitzaldi entzuteko aukera izango dugu.
Bata izango da “Emakume pentsiodunak eta prekaritatea”. Arantza Corralesen eskutik. EHMP-en kidea
Bigarrena “Alargun-pentsioaren oraina eta geroa”. Arantza Urkaregik garatuko du . Arantza ere EHMP-ren kidea da
Gero, Tania Cañasek, Enarak Koop kideak aurkeztuko digu “Etxeko langileen eta emakume migratzaileen prekaritatea”.
Eta bukatzeko, “Prekaritatea lan feminizatuetan eta borroka arrakastatsuak”. LABeko Idazkaritza Feministako Elixabete Etxeberriak garatuko du.
Prekaritatea oso kezkagarria suertatzen zaigu langileak pentsiodunekin aurrez aurre jarri nahi dutelako. Baina guk, jakin badakigu, pentsioetan prekaritatea dagoela, baina baita soldatetan ere.
Emakume pentsiodun askok miseria-pentsioak kobratzen dituzte izan dituzten enplegu prekarioen ondorioz, genero arrakalaren ondorioz eta zainketa lanak egiteagatik ondorioz. Eta gauza bera gertatzen da alargun-pentsioarekin, zeren 63.000 alargun inguruk 1080 €-tik behera kobratzen baitute.
Etxeko langileen egoera ere aztertuko dugu batzarrean. Hego Euskal Herrian 34.000 emakume inguru osatzen dute kolektibo hau. Baina zaila da benetako kopurua zehaztea, zeren, langile horietako asko migratzaileak baitira eta, batzuei, Atzerritartasun Legeak paperak ukatzen dizkie. Nahiz eta garrantzi handiko sektorea izan, zaintza-lanak egiten dituztelako, batez ere adinekoenak, sektore zaurgarria da, Gizarte Segurantzaren Erregimenean eskubide guztiak ez dituelako.
Azkenik, feminizatutako sektoreetan jarri behar da begirada. Alde batetik, zaintza eta garbiketa-lanek duten garrantziagatik. Bestetik, lan-baldintzen kaskarrengatik eta langile gisa jasaten duten soldata-diskriminazioagatik. Soldata-arrakala dago oraindik eta horrek, jakina, eragina izango du beraien etorkizuneko pentsioetan.
Horrez gain, inflazioaren ondorioz pentsioen erosteko ahalmena % 10 murriztuko da azken bi urte hauetan (21ean eta 22an) . Horrela, errealitate gordina larriagotu egiten da, bereziki gutxieneko pentsioei, alargun-pentsioei eta pentsio txikienei dagokienez. Baina, argi dago, inflazioak etxeko langileei eta sektore feminizatuei ere eragiten die.
Egoera horren aurrean, Emakume Pentsiodunen II. Asanbladan berretsi nahi dugu mobilizazioa izan dela eta izango dela gure bermerik onena.
Horregatik, guztiagatik, batzarra amaitzean, ELKARRETARATZEA egingo dugu, ordu batetan, Legebiltzarraren parean. Han, Batzarrean adostutako manifestuaren berri emango dugu.
Emakume guztiak gurekin parte hartzera gonbidatuta zaudete.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!